"Kalitatezko osasun arreta" aldarrikatzeko giza kate jendetsua egin dute Lekeition
SOS haur eta emakumeak mugimendu herritarrak deituta Lekeitioko eta inguruko herrietako biztanle ugari bildu ziren atzo [maiatzak 30] Lekeition. Mugimenduko kideak "oso pozik" gelditu dira herritarren erantzunagaz.
SOS haur eta emakumeak mugimendu herritarrak deituta, giza katean elkartu ziren atzo [maiatzak 30] Lekeition hainbat herritar, “kalitatezko osasun arreta” eskatzeko asmoz. Bi hilabete baino gehiago dira mugimendu herritarra sinadura bilketagaz hasi zela: 2.327 sinadura eta hamazazpi kirol eta kultura elkarteren atxikimenduak lortu dituzte. Dinamika zikloari amaiera eman eta aurrerantzean egingo dituzten ekintzen berri emateko asmoz elkartu ziren atzo [maiatzak 31] herritarrak.
Mugimendu herritarrak Lekeitio nahiz inguruko herritarrek parte hartzeagaz pozik geratu dira, eta giza katearen balorazio “oso ona” egin dute: “Eguraldiarekin arduratuta geunden, baina azkenean eguraldi ona egin zuen; zorionez, buelta osoa egin ahal izan genuen ateri”. Gainera, adin guztietako herritarrak elkartu ziren giza katean, eta “oso polita” izan zela nabarmendu dute: “Oso polita izan zen adin guztietako jendea ikustea elkarrekin, gauza bera aldarrikatzen. Gu oso pozik geratu gara, ze, lan asko dago guzti honen atzetik. Herriaren erantzuna ona dela ikustea eta udaleko ordezkariek ere bat egin dutela ikustea asko eskertzen da. Oso pozik gaude”.
Hala, pediatra zerbitzua eskatzearekin ekin zieten giza kateari, izan ere, maiatzaren 23tik Lekeitioko, Mendexako, Gizaburuagako, Amorotoko, Aulestiko eta Eako biztanleak pediatratik barik daude: “Irailera arte gutxienez ez da libre geratu den plaza beteko, eta orduan beteko denik ere, ez da ziurra”. Astetik astera famili mediku desberdin bat egongo den arren, “ziurrenik” zerbitzu hori ez da egunero egongo.
Gaineratu zutenez, familia mediku horrek bi urtetik beherako umeen aldizkako azterketak eta gaixotasunagatik arreta mediku berezia behar duten umeenak burutuko ditu soilik. Bi urtetik gorako umeen kasuan, berriz, azterketak atzeratu egin dituzte, txanda berririk eman gabe; medikurik ez dagoenean gaixotuz gero, Gurutzetako ospitaleko larrialdietara joan beharko dira. Hain zuzen ere, 1.021 ume dira lehen mailako arretarik barik gelditu direnak.
Era berean, beste hainbat zerbitzu ere aldarrikatu zituzten: emaginaren kontsultak egunero edukitzea, Lekeitioko Osasun Zentroan ginekologia kontsulta gehienez ere hilabeteko epea artatzea eta salbuespenak soilik larrialdi kasuetan egitea, Gernika-Lumoko Ospitalean ginekologia kontsulta egunero egotea beharrezkoak diren ekipamendu eta instalazioekin, Etengabeko Arreta Gunea eta anbulantzia medikalizatua herrian bertan bermatuta izatea urteko egin guztietan.
Agerraldian azaldutako guztiagaz “kexa formal bat” egin eta Osasun Sailera bideratu dituzte; hilabeteko epean Osasun Sailak ez badu erantzuten, Arartekora joko dute. Gaineratu dutenez, aurrerantzean mobilizazio eta ekintza gehiago egingo dituzte: “SOS haur eta emakumeak mugimendutik argi daukagu gure herrian kalitatezko osasun arreta lortu arte borrokan jarraituko dugula”.
Aurrekariak. Izan ere, Lekeitioko Osasun Zentroa Etengabeko Arreta Gunerik (EAG) barik geratu izan da zenbait egunetan: “Aipatzekoa da Lekeition eta inguruko herrietan larrialdietarako gertuen daukagun osasun zerbitzua Gernikakoa dela, ordu erdi luzera dagoena”. Anbulantziari dagokionez ere, Lekeition dagoena oinarrizkoa dela salatu dute, “ez mediku ez erizainak ez diren tekniko bik osatutakoa”. Hala, gertuen duten erizaindun anbulantzia Markina-Xemeinen dago, eta anbulantzia medikalizatua, berriz, Gernika-Lumon; azken hori erabilgarri ez dagoenean, Elgoibarkoa joaten da.