Aulestitik Australiara joandako euskal diasporari begira
Basques in Australia edo Euskadunak Australian erakusketa atzo [maiatzak 31] ailegatu zen Aulestira, eta Esther Korta Euskal Australiar Alkarteko kidearen eskutik, hamarkadak atzera egin, eta euskaldunek Australian bizitakoak gogoratu zituzten udal erakusketa aretoan elkartu ziren herritarrek. Hain zuzen ere, erakusketak protagonisten oroitzapenak biltzen ditu, besterik ez, argazkiak, adierazpenak, bideoak…
Erakusketa gaur eta bihar 12:00etatik 13:30era (ekainak 1 eta 2) eta datorren asteburuan (ekainak 8 eta 9 ) bisitatu ahalko da; ekainaren 8an (zapatua) 12:00etatik 13:30era, eta ekainaren 9an, berriz, 12:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 19:30era.
Iazko irailean, Euskal Diasporaren Nazioarteko Egunean inauguratu zuen erakusketa Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, eta geroztik, herriz herri zabaldu dute. Besteak beste, esan zutenez, Australiara joan zen lehen euskaduna izan zen Aniceto Mentxaka lekeitiarra. Hain zuzen, hasieran joan zirenak itsasgizonak izan ziren, itsasontzi ingelesetan nabigatzen zutenak: ยท”Melbournera heldu zen lehenengoa Natxituko Arratibel izan ei zen”. Australiara joandako euskaldunek “gogor lan egiten” zutela azpimarratzen du erakusketak, kainak mozten edota tabakoaren hostoak eskuz batzen eta horiek lantzen: “Egunsentian hasi eta eguerdira arte ziharduten kainak ebaten; tonak ebaten zituzten. Lan gogorra inon bada, txarragoa jakin ezean”.