"Beharrezkoa" izan da aurtengo Zientzia eta Teknologia Eguna ere
Barikuan [maiatzak 31] Markina-Xemeingo Atxondo Kiroldegian Lea-Artibaiko 342 umek eskualdeko enpresa eta elkarteen jarduna ezagutzeko aukera eduki zuten. Antolatzaileek ekimenaren balorazio "oso positiboa" egin dute.
Markina-Xemeingo Atxondo Kiroldegia umeen ikasleku bihurtu zen barikuan [maiatzak 31]. Izan ere, Lea-Artibaiko Kooperatiben Mahaia Elkarteak eta Leartibai Fundazioak eskualdeko eskola guztietako umeak bildu, eta Zientzia eta Teknologia Eguna antolatu zuen bertan. Hala, 09:30etik 14:30era eskualdeko 342 ikasle pasa ziren bertatik; antolatzaileek ekimenaren balorazio “oso positiboa” egin dute, eta “denentzako aberasgarria” dela azpimarratu dute.
Aurten gainera, bi txoko gehiago egon dira iaz baino ume gehiago zeudelako: “Eurentzat ahal den eraginkorrena izateko gustatzen zaigu txoko bakoitzean ume kopuru bat egotea, eta horregatik ipini ditugu bi txoko gehiago”. Denetarik egiteko aukera eduki dute LH 6. mailako umeek: fisika eta kimika, matematika, robotika, adimen artifiziala, elektronika, musika, elektrizitatea, errealitate areagotua… Bertan elkartu ziren eskualdeko eta inguruetako enpresa nahiz erakundeak, esaterako, Eika, Leartiker, Maier, Kide, Cikautxo, Fagor, Arragua, Neiker, EHU-UPV eta Doplay.
Irakasle, ikasle, antolatzaile nahiz enpresetako kideak “oso pozik” geratu dira aurtengoagaz. Mota horretako ekimenak egitea “beharrezkoa” dela ikusi dute irakasleek: “Oso-oso interesgarria zela esan ziguten. Gelan teorikoki ikasten dutena hemen errealitatean ikusi dute, eta apur bat beldurra edo dieten irakasgai batzuekin interesa sortzen da”.
Era berean, umeak ere “oso gustura” ibili ziren txokoetan: “Gauza desberdinak ikusten dute, eta interesa pizten zaie. Euren gurasoen edo ingurukoen enpresekin elkarreragin eta elkar ezagutzeak poztu egiten die”. Enpresek ere eskertu egiten dute euren eguneroko jardunetik apur bat irten eta halako ekimenetan parte hartzea: “Oso asetuta irteten dira horrelako ekimenetatik: umeak adi ikusten dituzte, interesa erakusten dute, galdetu egiten diete… Euren egunerokotasunetik irteten dira, eta eurentzako normala dena umeek horrelako interesarekin hartzeak asetu egiten diete”. Gaineratu dutenez, enpresek ere horrelako ekimenak “beharrezkoak” direla ikusten dute: “Hazia bota behar dugula ikusten dute, ze, azkenean eurak dira gure etorkizuna”.