Ondarroako Udalak 2024ko aurrekontua onartu du, iazkoa baino %12 txikiagoa
Hiru izango dira urteko proiektu azpimarragarriak: futbol zelaiko aldagelen eta Kamiñazpiko igogailuaren obrak eta Berdura Plaza eraberritzea. EAJ abstenitu egin da.
Ondarroako Udalak 2024rako aurrekontua onartu du; 12.028.738,23 eurokoa izango da. Maiatzaren 30ean osoko bilkuran onartu zen aurrekontuan, EH Bilduk proposamenaren alde bozkatu zuen eta EAJ abstenitu egin zen. Aurrekontuak arinago onartzea zen udal gobernuaren asmoa, baina azkenean atzeratu egin da, “aurrekontuak arinago onartzea zen gure asmoa eta datorren urtera begira hori lortzeko lan egingo dugu”, azpimarratu du Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateak. Iazkoa baino % 12 txikiagoa izan da aurtengoa, iazkotik ia bi milioi Andra Mari parrokiari eman behar izan zitzaion, kalte-ordainarengatik. Beraz, aurten, aurrekontu erreal batera itzuli direla aipatu du Alkortak.
Hiru proiektu azpimarratu dituzte: futbol zelaiko aldagelen obra, Berdura Plaza eraberritzeko proiektua eta Kamiñazpiko igogailuaren obrak. Futbol zelaia exekuzio fasean dago eta ia bi milioi euroko aurrekontuarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 500.000 euroko dirulaguntzarekin doa aurrera. Kamiñazpiko igogailuaren obrak lizitaziora atera dira berriro, kreditu aldaketa aho betez onartu zen udalbatzan. “Hirurak egingo dira aurten; futbol zelaiko aldagelak martxan onean doaz eta Gabon bueltarako amaituta egotea espero dugu; Kamiñazpiko igogailuaren lanak aurten hasiko dira eta Berdura Paza eraberritzeko proiektuaren idazketa ere kontratatuko dugu”.
Aurrekontu erreal batera itzuli gara aurten. Iazko zenbakiak lotuta zeuden hasieratik ordaindu beharreko kalteordaina zela eta.
Aurrekontuetako oinarri bat Gizarte Zerbitzuak dira, 1.175.359,64 euro bideratuko ditu udalak 2024ko aurrekontuan, Lea Artibai Amankomunazgoaren bitarteaz ematen diren zerbitzuak bermatzeko. Gainera, Artibai egoitzako zerbitzua hobetzeko kontratu berriak egingo dira: “Geroz eta herri nagusiagoa daukagu, eta gizarte zerbitzuak sostengu garrantzitsua dira. Beraz, hor ezin dugu murrizketarik egin”. Fisioterapia eta terapia okupazionalaren kontratua izango da bat, 16.743,33 euro urteko, eta mediku zerbitzua bestea, 45.165,78 euro urteko. “Zaintza sistema hobetzeko inbertsioak handitu eta azpiegiturak hobetu behar dira”.
Arloz-arloko beste proiektu azpimarragarri batzuk ere baditu Ondarroako Udalak, “Euskara sailetik herriko idazleen eskutik sortzen ari garen Literatur Ibilbidea (28.000 euro), espazio publikoen antolaketarako Mugikortasun plana, aniztasunaren gaia jorratzeko ere martxan daude beste bi proiektu, bata Aztiker etxearen eskutik eta bestea euskara eta kulturartekotasuna sustatzeko. Baita, hezkuntza alorrean Zaldupe eskolan gauzatuko diren beste proiektu bi: Eusko Jaurlaritzarekin batera ikastetxeko ateak aldatzekoa (%40 eta %60ko finantziazioarekin) eta bestea eskolaren eraikinean efizientzia energetikoa lortzekoa”.
Geroz eta herri nagusiagoa daukagu, eta gizarte zerbitzuak sostengu garrantzitsua dira. Beraz, hor ezin dugu murrizketarik egin. Zaintza sistema hobetzeko inbertsioak handitu eta azpiegiturak hobetu behar dira.
Proiektu guzti hauez gain, urteroko diru partidek bere horretan jarraituko dute: 100.000 euro inguru herriko Andra Mari jaietarako, beste 8.000 euro Augustin Zubikarai nobela bekarako eta dirulaguntza deialdietan esleitutako kopuruak ere mantendu egingo dira. Literatur Amuak, Zaldupe udal kiroldegia, Etxelila… horiek ere aurrekontuan sartuta daude. Udalaz gaindiko erakundeen bitartez eskaintzen dire zerbitzuetara bideratutakoak ere badaude, adibidez, Lea Artibai Landa Garapen Alkartearentzat 12.000 euro.
Udal-lanpostuak egonkortu eta behin behinekotasun tasa murrizteko helburuarekin, hainbat prozesu jarri dira martxan eta aurrekontuaren beste zati bat horretara bideratu da: udaltzainen hiru lanpostu finkatzeko prozedura propioa, bi administrari plaza, beste bi administrari laguntzaile plaza, garbiketako lau operario, administrazioa orokorreko teknikari bat eta Artibai egoitzako zuzendari postua, erizain bi eta operario bi. Hauez gain, oposizio bidezko beste lanpostu batzuk ere martxan jarri dituzte: gizarte baliabide eta antolaketa teknikaria, brigadako enkargatua eta arkitektoa.