Barikuan eman zioten amaiera Zientzia eta Teknologia astearen 4. edizioari
Bukatu da Ondarroa BHIk antolatutako Zientzia eta Teknologia astea eta antolatzaileek balorazio “oso ona” egin dute.
Herritarrak eta eskualdeko adituak izan ditu protagonista Ondarroa BHIk antolatu duen Zientzia eta Teknologia Asteak, laugarren edizioa izan da aurtengoa. Maiatzaren 29an eman zioten hasiera eta hainbat ekintza eta hitzaldi desberdin antolatu dituzte hiru egunetan zehar. Ikasleei zuzendutako saioez gain, herritarrei bideratutakoak ere egon dira, bost hitzaldi streaming bidez jarraitzeko aukera egon da.
Berrikuntza bezala, Rubiken kuboaren lehiaketa antolatu zuten eta “arrakastatsua” izan zela azpimarratu dute antolatzaileek. Horrez gain, ikasleen jarrera ona azpimarratu nahi izan dute: “Jarduera guztietan zehar ikasleen jarrera oso ona izan da, pozik gaude jasotako erantzunarekin”.
Hitzaldiei dagokienez, hizlarien maila “altua” izan dela aipatu dute eta datorren ediziora begira hitzaldi guztiak euskarazko azpitituluekin egongo direla zehaztu dute: “Astrotopaketen hitzaldian euskarazko azpitituluak jarri genituen eta bosgarren edizioan hitzaldi guztiak egongo dira azpitituluekin”.