240 ikasle batu ditu errugbi topaketak
Errugbiaren baloreak elkarbanatzeko eta honen zaletasuna bultzatzeko topaketak burutu dituzte gaur [ekainak 6] Mutrikuko San Migel zelaian.
Argazkia: MRT Mutrikuko Errugbi Taldea Urtero lez, errugbi topaketak antolatu ditu gaur [ekainak 6] MRT Mutrikuko Errugbi Taldeak, bost ikastetxek hartu dute parte; Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak eta Zaldupe Eskolak, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastolak eta Samiela ikastetxeak eta Debako Luzaro ikastetxeak. Guztira, LH5 eta LH6. mailako 240 ikasle batu dira.
Mutrikuko errugbi taldea sortu zenetik, urte pila bat daramatzate ikasleen arteko topaketak antolatzen, helburua, gaztetxoenen artean errugbi zaletasuna bultzatu eta kirolak dituen balore onak transmititzea da. Batez ere, taldeen eta jokalarien arteko errespetua.
Goizeko 09:00etan elkartu dira zelaian eta eguerdiko 13:00 arte ibili dira elkarren arteko partidak jolasten. Errugbian beti egiten den bezala, oraingoan ere hirugarren zatiari behar besteko denbora tartea eskaini die, ogitartekoa eta fruta giro onean dastatuz.