34. Kalekarako boluntario bila dabiltza
Uztailaren 5etik 7ra ospatuko dute aurtengo jaialdia. Boluntario moduan laguntzeko prest daudenek ekainaren 13a baino lehen eman beharko dute izena.
Lekeitioko Kale Arteen jaialdiaren 34. aldia gero eta gertuago dago: uztailaren 5etik 7ra ospatuko dute. “Izaera eraberrituarekin” datorrela aurreratu dute antolatzaileek; ohi bezala, kale arteak herriko kaleetan zehar ikusi ahalko dira, hainbat herrialdetako konpainia eta kolektiboen lanak bertatik bertara ikusteko aukeragaz.
“Lan eszenikoen, tailerren, partaidetza instalazioen eta komunitatean sortutako kaleko arteen sorkuntzaren bidez, artearen dimentsio soziala azpimarratu nahi da”, azaldu dute antolatzaileek. Gainera, ikuslearen papera ere “birplanteatu” egingo dute, jaialdiaren parte aktibo izan daitezen.
Guzti hori aurrera ateratzeko, baina, ezinbestekoa izango da herritar nahiz eskualdekoen laguntza. Horregatik, hainbat lan egiteko boluntario bila dabiltza: “Produkzio lanak burutzeaz gain, kale arteekiko interesa erakusten duten pertsonak bilatu nahi ditu Kalekak, jaialdiaren parte izango dire boluntarioen taldea osatuz”. Lagundu nahi dutenek ekainaren 13ra arte eman ahalko dute izena, kaleka.eus web orrian; baldintza bakarrak 18 urte baino gehiago izatea eta “gogotsu” egotea dira.
Aukera “paregabea”. Hiru eginbehar nagusi edukiko dituzte boluntarioek: gonbidatutako konpainiei laguntza ematea, antolakuntza lanak, eta publikoen kudeaketa. Hala, esperientzia profesionala jasotzeko “aukera paregabea” dela azpimarratu dute: “Koordinazio lanak egin, herriko jendea ezagutu, artista bisitariekin harremana izan, eta askoz gehiago”. Era berean, Ikuslearen Hiztegia izeneko formakuntza tailer berezia ere jasoko dute boluntarioek: “Bertan, Kalekako arten ikuskizunak hobeto ulertzeko eta gehiago gozatzeko hiztegia jaso eta asmatuko dute”.