Ager Solabarrieta, Europako azpitxapeldun
Tiratzaile ondarrutarra bigarren sailkatu da hamar metroko zutikako modalitatean. Bere taldekideekin batera, gainera, taldekako lehia irabazi du Solabarrietak, eta mundu marka berria ezarri dute.
Argazkia: ONCE. Ager Solabarrietak Karabina Bidezko Europako Txapelketan bigarren postua poltsikoratu zuen iragan eguaztenean [ekainak 5], Granadan, Espainiako Selekzioagaz. Tiro jardunaldi arrakastatsu eta punta-puntakoa eginda, ikusmen urritasuna duten pertsonentzako hamar metroko zutikako modalitatean bete zuen lorpena tiratzaile ondarrutarrak. Domekan [ekainak 2] ere lehian bete-betean murgilduta aritu zen Solabarrieta: etzandako modalitatean aritu zen; finalera igarotzeko lehen zortzi tiratzaileak zehazteko kanporaketan zortzigarren postuan amaitu zuen.
223,7 puntugaz loortu du zilarrezko domina
Azken txanpan, dominen borrokan, tentsioa eta urduritasuna maisuki kudeatzen asmatu zuen Ondarrukoak eta, Maite Badiolaren gidari laguntzagaz, 223,7 puntu lortu zituen. Solabarrietaren aurretik sailkatzeko lorpena egin zuen bakarra Barbara Moskal poloniarra izan zen, probako garaile eta Europako Txapelduna.

Solabarrieta eta Badiola. Argazkia: ONCE.
Solabarrietak, domina eskuratu bezain pronto, emaitza lortzearren “oso pozarren” dagoela adierazi du: “Aurkari denak oso indartsu egon dira, eta zilarrezko domina horrek hori bistaratzen du”. Era berean, taldeak edukitako jarrera goraipatu zuen, eta emaitza hori lortzeko “funtsezkoak” izan diren pertsonen zein erakundeen babesa eskertu.
Ager Solabarrieta: “Aurkari denak oso indartsu egon dira, eta zilarrezko domina horrek hori bistaratzen du”
Ondarrutarragaz batera, Sonia Rivero eta Manuel Encinas malagarrek osatu zuen Espainiak aurkeztutako taldea; lehenengoak laugarren postua lortu zuen, eta bigarrena, aldiz, bere ostean sailkatu zen. Ez hori bakarrik: taldekako lehian garaile suertatu ziren, eta munduko marka berria ezarri ahal izan zuten.