Bi sari Mutrikura
Debegesak antolatutako ‘STEAM We Make Debabarrena!’ erronkako irabazleak izan dira Mutriku BHIko eta Goizeko Izarra Ikastolako ikasleak.
Maiatzaren 31n [barikua] ospatu zen sari banaketa Eibarko Errebal Plazan, bertan batu ziren Debegesak antolatutako STEAM We Make Debabarrena! erronkan parte hartu zuten ikastetxek. Horien artean zeuden Mutriku BHIko DBH 3ko eta Goizeko Izarra Ikastolako LH 5ko ikasleak eta sari bana eraman zuten Mutrikura “Eidofonoa” eta “Energia iturriak” lanek.
Erronka honek eskualdeko zentroek ikasturtean zehar zientziaren eta teknologiaren arloan egindako proiektuak biltzen ditu eta hiru kategoriatan banatuta dago: LH 3-4, LH 5-6 eta DBH 1-4 . Azkenengo bi kategorietan izan dira irabazleak mutrikuko bi ikastetxeetako ikasleak. Bi irizpide hartu dira kontuan irabazleak aukeratzeko, eta horietako bakoitzak %50 eko pisua izan du. Batetik, proiektu bakoitzaren bideoak grabatu eta hauen bistaratzeak zenbatu dira, eta, beste aldetik, epaimahi batek ezarritako irizpideen araberako puntuazioa jaso du lan bakoitzak. Guztira 30 esperimentu jaso dira. Sariari dagokionez, irabazle bakoitzak 500 euroko ordainsaria jaso du, zientzia eta teknologiari lotutako materiala erosteko.
“Eidofonoa” proiektua Goizeko Izarra Ikastolako ikasleek burutu dute. Proiektuaren izenak esaten duen bezala, eidofono bat egitea izan da ikasleen helburua. “Soinuaren uhinak ikusteko sortutako tresna bat da. Hodi bat, laserra, eta ispilu bat erabili genituen honetarako. Hoditik oihu egin eta bibrazioen ondorioz laserra pizten da, hormara proiektatuz Soinua ikusi daitekeela frogatzeko esperimentu bat izan da”.
“Energia iturriak” izan da Mutriku BHIko ikasleek aurrera eramandako lana. Iaz ere parte hartu eta orduan ere sariarekin bueltatu ziren Mutrikura. Oraingoan, energia iturrien inguruko proiektua burutu dute. “Energiei buruzko maketa bat egin genuen, gaur egun aldaketa klimatikoak sortzen dituen energia denak ikusi eta berriztagarrien aldeko apustu bat bezala planteatu genuen eta maketak berak hori islatzen du. Uraren bidezko energia hidraulikoa, haizearen bideko eolikoa eta eguzkiaren bidezkoa erabili ditugu. Guztia maketan sartu eta martxan jarri genuen”.