Zapatuan amaituko da Lekeitioko Udako Ola sormen egonaldian izena emateko epea
Ekainaren 24tik 29ra egingo dute aurtengo Udako Ola.
Loraldiak hirugarrenez Lekeitiora ekarriko du Udako Ola. Aurtengoan, ekainaren 24tik 29ra bitartean egingo dute gazteei zuzendutako sormen egonaldia. Euskal kulturaren transmisioaren inguruan lan egiteko aukera edukiko dute 18 urtetik 29 urtera bitarteko gazteek. Izena eman nahi dutenek oraindik ere denboraz dabiltza: zapatuan amaituko da epea. Loraldia.eus web orrian eskuragarri dago informazio guztia.
Hiru helburu zehatz ditu Udako Olak: transmisioa lantzea, sormena sustatzea eta espazio sortzaile berri bat proposatzea. Guzti hori landuta, parte hartzen duten gazteek euren bide propioa lantzea izango da helburu nagusia. Gehienez hamabost pertsona elkartuko dira egonaldian, “modu intentsibo eta esklusiboan lan egin ahal izateko, ingurune segurua eta konfiantzazkoa sortuz”.
Sortzaile gazteek esperientzian oinarritutako egonaldia egingo dute, euskal kulturan erreferente direnen eskutik. Hala, eskola magistralak jasoko dituzte, Loraldirako propio sortutako saioen bitartez. Hainbat alderdi landuko dituzte, besteak beste, hitza, soinua, irudia eta gorputz adiera. Horretarako aurten bidelagun izango dituzte Ane Labaka, Leire Vargas, Amets Aranguren, Josu Martinez eta Dantzaz dantza taldea. Aldi berean, sorkuntza propioa ere landuko dute; azken egunean Lekeition aurkeztuko dute euren sorkuntza, Edurne Azkarateren gidaritzapean.