Herritarren 2.337 sinadurak Osasun Sailera bideratu dituzte
SOS haur eta emakumeak mugimendu herritarrak Osasun Sailera, Osakidetzara eta Barrualde Galdakaoko ESIra bideratu dituzte sinadurak.
SOS haur eta emakumeak mugimendu herritarrak sinadura bilketa ipini zuen martxan joan den apirilean. Ordutik, 2.337 sinadura eta hamazazpi elkarte nahiz herriko talderen atxikimenduak lortu dituzte, pediatria, ginekologia, obstetrizia eta larrialdi zerbitzuak eskatzeko. Hala, joan den astelehenean [ekainak 3] bideratu zituzten sinadura guztiak Osasun Sailera. Era berean, Osakidetzara, eta Barrualde Galdakaoko ESIra ere bideratu zituzten sinadurak.
Sinadura bilketagaz hasi zirenetik hainbat izan dira egin dituzten mobilizazioak, eta erantzun “duin bat” izatea espero dute: “Herrian bizi ditugun gabezia larri hauek erantzun duin bat merezi dutela uste dute, eta arduradunek horrela egitea espero dugu. Sinadura bilketa abiatu genuenetik hainbat mobilizazio burutu ditugu. Herritarrekin eta herriko eragile eta taldeekin elkarlanean aritzeaz gain, elkarretaratzeak eta giza katea ere burutu ditugu”.
Hain zuzen ere, joan den barikuan [maiatzak 31] egin zuten giza katea, “kalitatezko osasun arreta” eskatzeko; hamaika izan ziren bertaratu ziren herritar nahiz inguruko herrietako biztanleak. Sinadurak jada bideratu dituzten arren, mugimendu herritarreko kideak ez dira geldituko “herrian osasun zerbitzu duinak bermatu arte”. Gainera, argi dute zerbait lortzekotan kalean egon behar dutela: “Tamalez, zerbait lortu nahi badugu kalean egon behar dugu, eta horretarako determinazio osoa daukagu”.