Igor Azpiri eta Sonia Garcia markina-xemeindarrek irabazi dute Zaldibarko jaietako kartel lehiaketa
Zaldibarko jaietako kartel lehiaketako lehenengo saria irabazi dute Igor Azpiri Garate eta Sonia Garcia Fuentes markina-xemeindarrek. Hala, 250 euroko saria eskuratu dute irabazleek, eta euren kartela izango da Zaldibarko San Andres jaietan erabiliko dutena. Bigarren saria, berriz, Iker Villanueva Zaldibarreko biztanleak irabazi du.
Markina-xemeindarrek azaldu dutenez, hasieratik jakin zuten nondik jo: “Zaldibarrek jaietan gauza oso berezi bat dauka, eta hori puntu garrantzitsu moduan ikusten genuen kartelari oinarri bat emateko. Arbola laino gainetik irteten da, letrekin jolastu dugu, neska dantzari baten beheko aldea sartu dugu… Tradizioa eta ohiturak isladatu nahi izan ditugu”. Ideia denak elkartu, eta letrekin jolastu dute, kolorea emanez: “Kolore apur bat sartuta, letrekin eta abar, bizitasun apur bat eman nahi izan diogu”.
Azaldu dutenez, normalean ideia jasa batetik abiatzen dira lanean hasteko, eta ostean, zirriborroak eskuz egiten dituzte; Zaldibarko kartelaren kasuan, ordea, ideia “oso zehatza” zutenez, zuzenean digitalean lana eginez hasi ziren: “Ostean, bion artean ikusten dugu zer dagoen ondo, zer ez, zer indartu behar den… eta hori eta gero berriro lanean ipitzen gara, azken ukituak emateko. Kasu honetan ez genuen larregi behar izan, ze, ideia argia geneukan”.