Barikuan amaituko da Aulestiko Balkoi eta leihoetako lore lehiaketa
Lehenengo aldiz antolatu dute aulestiarrek balkoi eta leihoetako lore lehiaketa eta San Joan jaietan egingo da sari banaketa.
Estreinakoz antolatu du balkoi eta leihoetako lore lehiaketa Aulestiko Udalak. Etxeetako leihoak edota balkoiak lorez edo landare naturalez apaintzean datza, eta irizpidea, apaindutako gunea kaletik edo etxe aurretik ikusteko moduan egon behar dela da. Barikurako [ekainak 14] prest egon beharko dira balkoi edo leihoak, baita ere, herritarrei gustukoena dutena proposatzeko aukera egunean bertan bukatuko da. Egun horretatik aurrera igaroko baitira epaimahaiko kideak.
Herri erakargarri eta bizia edukitzea da helburuetako bat, eta horretarako lehiaketa aproposa izan daitekeela iruditu zaie: “Taldean sortu zen lehiaketaren ideia. Herri erakargarri bat eduki nahi dugu, herri polita eta herri bizia, beste mila helbururen artean. Herri bizi bat bilatzeko orduan jende ezberdinak parte hartu dezakeen ekintzak landu nahi ditugu, horretarako bide aproposa izan daiteke hau”.
Bi irizpide desberdin hartuko dira kontuan saria banatzeko orduan. Batetik, lore-konposizioaren bolumen eta kolore konbinazioa. Bestetik, leiho edo balkoiaren kokapenaren arabera egindako egokitzapena.
Sariei dagokienez, hiru banatuko dira eta sariaren araberako balioa izan duten landare naturalak izango dira. Sari banaketa San Joan jaietan egingo da, sobra txapelketaren ostean.