Mutrikuko Saturran Guraso Elkarteak eskola publikoaren aldeko deia egin du
Hezkuntza Sailak Samiela ikastetxera bideratu du Goizeko Izarra Ikastolan matrikulatuta zegoen haurra, Mutrikuko Saturraran Guraso Elkarteak ikaslea familiak aukeratutako ikastetxean gelditzea eskatu du.
Pasa den eguaztenean [ekainak 5] egin zuten agerraldia Goizeko Izarra Ikastolako guraso, irakasle eta ikasleek, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta Hezkuntza Sailak Samiela ikastetxera bideratutako ikaslearen egoera salatzeko.
Saturran Guraso Elkarteak azaldu duenez, Mutrikuko 25 familiek eman zuten izena Goizeko Izarra Ikastola ikastetxe publikoan eta martxoaren 12an onartuen eta ukatuen behin behineko zerrendak atera zirenean hartu zuten lehenengo ezustekoa, “Ikasle bat Samiela ikastetxera bideratua izan zen eta berehala erreklamazioa jarri zen. Beste 24 ikasleak onartuen zerrendan zeuden”.
Apirilaren 26an, behin betiko zerrendak argitaratu ziren eta zuzendaritzak bigarren ezusteko bat izan zutela azaldu dute elkarteko kideek: “erreklamazioa onartu eta Samiela bideratutako ikaslea Goizeko Izarran onartua izan zen baina, beste ikasle bat Samielara bideratu zuten”.
“Azalpenak eskatzen hasi ziren zuzendaritzarik eta batetik eta bestetik informazioa jasoz Gipuzkoako Lurralde Ordezkariaren atea jotzea izan zen bidea”, aipatu dute Guraso Elkarteko kideek. Hezkuntza Lege Berriaren arabera, zaurgarritasun tasa berdintzea lortzeko hartutako erabakia izan da. Saturran Guraso Elkarteak “gogor” salatu du honako erabakia eta ikaslea familiak aukeratutako ikastetxean gelditzea eskatu du, “Guraso elkarte moduan ezin dugu onartu horrelako erabaki bat, Goizeko Izarra Ikastola ikastetxe publikoak, orain arte bezala, eskuak zabalik izango ditu. Gure ikaslea bere familiak aukeratuko ikastetxean gelditzea da gure eskaera, hau da, Goizeko Izarra Ikastolan eskolaratzea”.