Osasun sailburuagaz bilduko dira barikuan eskualdeko hainbat udaletako ordezkariak
Lekeitioko, Mendexako, Amorotoko, Eako, Gizaburuagako eta Aulestiko Udaleko ordezkariak batzartuko dira Osasun sailburuagaz. Eskaerak lortu arte lanean jarraituko dutela adierazi dute.
Lekeitioko Udalak deituta batzartu ziren joan den maiatzaren 20an Lekeitioko, Mendexako, Amorotoko, Eako, Gizaburuagako eta Aulestiko Udalak osasun zerbitzuaren egoera aztertu, eta eman beharreko hurrengo pausuak erabakitzeko. Hala, euren eskaerekin Osasun sailburuarengana heltzea hartu zuten helburutzat, eta barikuan [ekainak 14] egingo dute batzarra.
Hain zuzen ere, zazpi izango dira mahai gainean izango dituzten eskaerak, horietatik, sei, Lekeitioko anbulatorioan ezarri beharreko zerbitzuak: pediatra zerbitzua bermatzea, ginekologoia zerbitzua 2014ko hitzarmenean adostutako baldintzetan itzultzea, emagina jubilatzean bere lanpostua jardun osoarekin betetzea, udan populazio igoerari erantzun ahal izateko mediku eta erizain gehiago ipintzea, EAG eta anbulantzia medikalizatua herrian bermatuta izatea eta eguneko 24 orduetan urgentzietan medikua egotea. Era berean, Lekeitio inguruko herri txikietako osasun zerbitzuak dauden bezala mantentzea ere eskatuko dute.
Ordezkariek azaldu dutenez, jasotako erantzunaren berri emango dute: “Espero dugu Osasun Sailburuak herritarren eta udalen eskaerak ontzat eman eta hartu beharreko neurriak berehala hartzea. Herritarrek bizitzak hobetzea Lekeitioko Udalaren helburua da, eta horretarako zerbitzu publiko duin eta kalitatezkoak izatea ezinbestekoa da. Udaletik, lanean segituko dugu eskaerak lortu arte”.