Andrak Erramutan, Ondarroatik Lekeitiora
Domekan [ekainak 16] Ondarroatik atera eta Lekeitiorainoko itsasaldia egingo dute, proiektua ezagutarazi eta eurei ere "itsasoa har dezaten" bultzatzeko.
Ondarroako Andrak Erramutan taldeak itsas erronka feminista egingo du domekan [ekainak 16]. Ikasturtean zehar “gogor” entrenatu ostean, azaldu dutenez talde ondarrutarra laster hasiko da bere erronkak betetzen. Lehenengo pausua izango da domekakoa: Ondarroatik irten, eta 11:00etarako Lekeitiora helduko dira, ostean berriro ere Ondarroara itzultzeko.
Lekeitiora heltzeagaz batera, zain edukiko dituzte lekeitiarrak, Abadeen moilan. Andrak Erramutan taldeko kideek azaldu dutenez, helburua lekeitiarrei euren proiektuaren berri ematea da: “Hango emakumeekin elkartu, proiektuaren berri eman eta hauek ere itsasoa har dezaten animatu nahi diegu”. Lekeitiarrak prest daude harrera egiteko ere: “Helburua emakumeak itsasoari lotutako ekintzetan ikusgarritasuna ematea da, batez ere, sasoiko emakumeak, arraunaren bitartez itsasoa hartzeko. Egin diezaiegun harrera goxoa ondarrutarrei!”.
Domekakoaren ostean, gainera, beste irteera bat ere egingo dute. Uztailaren 6an eta 7an, Ondarroa-Donostia-Ondarroa itsasaldia egingo dute: “Honela, 45 urtetik gorako 36 andrek ohikoa ez dena erakutsiko dute: sasoiko emakumeak arraunean; hau da, kirola egiten eta itsasoa hartzen”.
Orio, eredu. Ondarrutarren egitasmoak Orioko emakumeena du eredutzat: “2018an Orioko emakume talde batek Orio-Bilbo-Orio bidea egin zuen erramutan. Tartean, Ondarroan gelditu eta sua piztu zuen: oriotarrek bezala, ondarrutar emakumeek ere zergatik ez?”. Horregatik, hain zuzen ere, Donostiarako bidean Orion sartuko dute trainerua ondarrutarrek, “bertako emakumeekin batu, ospatu, indarrak hartu eta itsasoa emakumeena ere badela” aldarrikatzeko.