Domekan ospatuko da III. Gipuzkoako zesta-punta eskolen eguna, Mutrikun
70 lagun inguru batuko ditu zesta bultzatzea helburu duen jaialdiak domekan, Mutrikuko Muruaitz pilotalekuan.
Mutrikuko Muruaitz pilotalekuan ospatuko da domekan [ekainak 16] hirugarren aldiz Gipuzkoako zesta-punta eskolen eguna. Lehenengoa Zumaian egin zen eta Hondarribian bigarrena, oraingoan, mutrikuarren txanda izango da. Gipuzkoan zesta bultzatu, zesta zaleak elkartu eta hurrengo urtera begira gaztetxoenak kirol honetan jarraitzea du helburu. “Gipuzkoako Pilota Federazioak, Foru Aldundiarekin batera, pilota sustatzeko egindako hitzarmenaren barneko proiektua da. Tokian tokiko eragileekin batera antolatzen dugu. Oraingoan, Gipuzkoako Pelota Federazioa, Mutrikuko Udala eta Danok Bat Elkartea izan dira antolatzaileak”.
Goizeko 10:00etan hasiko da eguna benjamin, kimu eta haur kategorietako haurren kinielarekin. “Pila bat ume dira eta kiniela bakoitza 20 minutuko denborarekin neurtzen dugu. Oraingoan, 70 haurrek jolastuko dute, beraz, kopuruaren arabera antolatzen dugu”. Hondarribia, Donostia, Zumaia, Tolosa, Mutriku eta Andoaingo zesta-punta eskolako haurrak batuko dira Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatutako jaialdian.
Jarraian, lagunarteko partida egongo da, Mutrikuko Zuhaitzek eta Andonegik osatuko dute bikote bat eta bi zumaiarrek bestea. “Bikote bat gorria izango da eta bestea, urdina. Haurren artean bi kolore horietako txartelak banatuko dira, bakoitza zenbaki batekin eta egokitu zaion koloreko taldea animatu beharko dute. Partida amaitzean, irabazi duen taldearen koloreko txarteletako zenbakiekin zozketa bat egingo dugu eta irabazleak opari bat jasoko du. Pasa den urtean, adibidez, pilota bat izan zen saria”. Lagunarteko partidaren ostean bazkariarekin emango diote amaiera jaialdiari, guztira 170 pertsona egongo dira frontoian.