Iraitz Legarra: "Beste batzuei ere gustatu zaiela jakiteak ilusio handia egiten du"
Idazle markina-xemeindarrak behin baino gehiagotan irabazi du Azkoitiko Bizenta Mogel ipuin lehiaketa; azken saria aurten irabazi du, 'Lur arrotz' lanagaz.
Sortzeko modu desberdinak ditu sortzaileetako bakoitzak; Iraitz Legarrarentzat telebistan ikusi zuen dokumental bat izan zen Lur arrotz ipuina sortzeko behar zuen txinparta. Otso izatetik txakur izaterainoko eboluzioa izan zen, hain zuzen ere, barnean argi izpi bat sortu ziona.
Zelan jaso duzu azken sari hau?
Ilusio askorekin. Ni ez naiz idaztera dedikatzen; gustatzen zaidan gauza bat da. Askatu egiten nau, eta askotan, korapiloak edo edukitzen ditudanean, ordenatzeko modu bat da. Jakin ez arren, oraindik hor dauden gauzak ateratzeko modua da, nolabait. Batzuetan gertatzen zait buruan ideia polita geratzen zaidala, baina idazterakoan ez. Hemen berriz, buruan neukana eta paperekoa gustatzen zitzaizkidan, eta norabait bidali eta beste batzuei ere gustatu zaiela jakiteak ilusio handia egiten du.
Nondik etorri zitzaizun Lur arrotz idazteko ideia?
Behin dokumental bat ikusi nuen, eta txakurrak eboluzioaren bidez, berez, otsotik datozela azaltzen zuen. Hau da, lehen otsoak zirela, eta eboluzioa eta gero, txakur bihurtu zirela, etxekotuta. Azkenean, halako paktu moduko bat izan zen eboluzioa: otsoa basatia zen, basoko animalia, eta apurka-apurka eurak basotik irten eta pertsonek etxea zaintzeko janaria ematen ziotenez, etxekotu egin zituzten. Otsoei komeni zitzaien, eta pertsonei ere bai. Ostean, hautespen naturalaren bitartez, basatienak zirenak atzean geratu, eta basakeria gutxien egin zituztenek egin zuten aurrera, gaur egungo txakur bihurtu arte. Hala, ideia oso sakona iruditu zitzaidan istorio baterako, metafora baten antzekoa. Hor ideiarekin geratu nintzen, eta pentsatu nuen polita izan zitekeela ipuin bat hortik abiatuta bizitza errealean egitea. Pentsatu nuen ea zelan elkartu ahal nituen bi munduak: basatia eta etxekotzearen prozesua. Gero, 36ko gerraren istorioa etorri zitzaidan, frankista eta errepublikanoen artekoa.
“Idazteak askatu egiten nau; askotan, korapiloak edo ditudanean, ordenatzeko modu bat da”
Zer kontatzen duzu ipuinean?
Bi istorio paralelo dira. Alde batetik, otso bat dago, duela urte askotako leinu batean. Ikusten da zelan otso taldeak etxalde bat atakatzen duen, eta otsoetako bat zaurituta etxalde horretan geratzen da. Orduan, etxalde horretako andra batek otso zauritua zaintzen du, eta nolabait, basoko otso hori etxaldera ohitzen doa, emakumea zaintzen du, eta aldaketa bat ematen da. Beste aldetik, 36ko gerra dago. Abiazioko frankista batek Kalamuan zegoen errepublikanoen aldea atakatzen du, eta metrailadore batekin bere abioia jotzen dutenean, erori egiten da; frontean dagoen baserri batean esnatu, eta gizona ere zaindu egiten dute. Paraleloan doaz otsoa eta gizona, eta aldaketa hori zelan ematen den apur bat kontatzen da. Kontraesan horiek kontatu nahi nituen: kulturalak, lotzen gaituzten kateak…
Lea-Artibai inguruan girotu duzu istorioa, beraz.
Bai, Kalamuan. Nobela proiektu bategaz nabil, eta proiektu horretarako nahikotxo informazio jaso dut hemen egon zen fronteari buruz, Markina-Xemein eta Etxebarrian egon zen fronteari buruz. Etxebarriko Ahaztuen Oroimena taldekoek egindako bisita gidatu batean azaldu zuten Kalamuan fronte bat egon zela, eta 100 metroko distantzian zeudela bi bandoak, lubakietan ezkutatuta, oso-oso hurbil; frankistak tontorrean eta errepublikanoak behean. Ahaztuen Oroimeneko kideek kontatu zuten, askotan frankisten inguru hori metrailatzen zutela, baina kontuz ibili behar izaten zutela eurenak ez jotzeko, oso hurbil egoten zirelako. Hortik abiatuta idatzi dut: gatazkak sortu ditzaketen bando ezberdinetan pentsatzen egon nintzen, eta hau gogoratu nuen. Hala ere, ingurua hasieran agertzen da, baina gero, nahikoa giro intimoan gertatzen da dena. Lekuak eta testuinguruak badauka garrantzia, baina istorio honetan ez hainbeste, gehiago baitago pertsonaiengan enfokatuta.
Zein sentsaziorekin geratu zara lana amaitu duzunean?
Oso pozik. Batzuetan badaude ideia edo txinparta batzuk idatzi eta ez nautenak betetzen, edo funtzionatzen ez dutenaren sentsazioarekin geratzen naiz, ‘hortik ez’ denaren sentsazioarekin. Beste batzuetan, berriz, irakurri eta freskoak egiten zaizkit, eta honekin hori pasatu zait. Niretzako sekulako saria da, norbaitek zerbait saritzea oso polita da, baina, niretzat saria baino garrantzitsuagoa da norbera gustura geratzea. Idatzi dudana, nahi dudana izatea, eta betetzen nauela pentsatzea; helburua hori da. Oso pozik geratu nintzen, eta batez ere, funtzionatu duen sentsazioarekin. Eta gainera, sari bat lortzea sekulako poza da.
Fisikoan irakurtzeko aukera egongo da?
Sortaka argitaratzen ditu Azkoitiko Udalak. Lauzpabost urteko tarteetan egoten diren ipuin saridunekin bilduma egiten dute, hamabi ipuin ingurukoa. Hau datorren urtean edo hemendik bi urtera argitaratuko dute. Norbaitek nahiko balu, Azkoitiko Udalari eskatuta lortu dezake.