Karmen jaietako kroserako izen ematea, zabalik
Uztailaren 6an egingo dute kros herrikoia, eta jadanik internet bidez izena eman daiteke; ekainaren 16a izango da horretarako azken eguna.
Markina-Xemeingo Karmen jaien ospakizun egitarauaren barruan, Aringa-Aringa Kirol Klubak antolatuta, kros herrikoia egingo dute. Bakarka nahiz taldeka aritzeko aukera egongo da, eta parte hartzaileek 7,5 kilometroko ibilbidea egin beharko dute, 19:30ean hasita. Izena emateko epea dagoeneko zabalik dago, ekainaren 26ra bitartean; www.buscametas.com atarian egin beharko da. Zazpi euroko prezioa edukiko du izen emateak.
Gizonezko nahiz emakumezkoek banaka aritzeko aukera edukiko dute, baina baita taldeka ere, bikote mistoetan. Horrenbestez, horren araberako sariak banatuko dituzte: lehenengo hiru emakumezkoek, gizonezkoek eta bikote mistoek poltsikoratuko dituzte. Hiru multzo horietako garaileek txapela eta 50 euroko ordainsaria jasoko dute; bigarren sailkatuek, ordea, oroigarria eta 30 euroko saria; podiumeko hirugarrenek, aldiz, oroigarria eta 20 euroko saria. Ez hori bakarrik: lehenengo hiru emakumezko zein gizonezko markina-xemeindarrei ere saria emango diote; oroigarri bana izango da.
Antolatzaileek herritarrei eta bereziki emakumeei parte hartzera animatzeko deialdia luzatu diete: “Ea lortzen dugun inguruotako neska eta emakumeek parte hartzea”.