Lekeitiarrek Marierrota Egunagaz agurtuko dute boleibol denboraldia
Bihar [ekainak 14] 17:00etan hasiko dituzte ekintzak. Marierrotak urtearen balorazio "oso positiboa" egin du
Denboraldia amaitzera doala aprobetxatuko dute Lekeitioko Marierrota boleibol taldeko kideek ospakizuna egiteko. Bihar [ekainak 14] 17:00etatik 20:00etara elkartuko dira Lekeition, pistako eta hondartzako eskolarteko eta txapelketako federatuetako amaierarekin batera, elkarbizitza, ekarlana eta elkarrezagutzan oinarritutako kirolarien arteko jaia ospatzeko. Nola ez, kirolarien gurasoak ere gonbidatuta daude jaira.
Hala, 17:00etan hasiera emateagaz batera, denetarik egiteko aukera edukiko dute: jan, jolastu, musika entzun… Marierrotako ordezkariek urtearen balorazio “positiboa” egin dute: “Aurten talde asko eta mugimendu asko egon dira. Jokalari, guraso, entrenatzaile eta zuzendaritzakoek egindako lana, emaitzen gainetik, positiboa izan da. Hala ere, hurrengo denboraldietarako hobetu beharrekoak mahai gainean ipini eta entrenatzaile lan talde indartsu baten beharrizana azpimarratzen dugu”. Hori horrela, interesa izan dezakeen edonor taldera hurbiltzeko deialdia luzatu dute.
Emakumeen taldeak gora beherak izan dituen arren, balorazio “oso positiboa eta aberatsa” egin dute Marierrotakoek. Mutilen taldeari dagokionez, berriz, mutilen nagusien talde egonkorra izateko bidean daudela azaldu dute. Era berean, nabarmendu dute zuzendaritza taldea emakumeen gehiengoaz osatuta dagoela.