Markina-Xemeingo eta Eibarko gimnastek erakustaldia eskainiko dute domekan
11:00etatik aurrera Uni frontoian ikusi ahalko da erakustaldia.
Domekan [ekainak 16] gimnastek beteko dute Uni frontoia. Izan ere, Markina-Xemeingo gimnasia erritmikako taldeek erakustaldia eskainiko dute, Eibarko gimnastekin batera. 10:45ean irekiko dituzte pilotalekuko ateak, eta 11:00etan emango diote hasiera ekitaldiari.
Hala, guztira ordu eta erdiko saioa eskainiko dute 75 gimnasta inguruk. Markina-Xemeinen entrenatzen duten partaide guztiek taldekako emanaldiak eskainiko dituzte, eta Eibarko Ipuruatik etortzen direnek, berriz, taldekako nahiz bakarkako emanaldiak eskainiko dituzte. Eibarren entrenatzen duten arren, Markina-Xemeinen parte hartuko duten gimnastetako batzuk, eskualdekoak dira gainera: Gorane Mendibe, Malen Perez eta Ainhize Iturraran markina-xemeindarrak dira, eta Lur eta Jare Bilbao eta June Etxaniz, berriatuarrak.
Erakustaldia domekan [ekainak 16] Markina-Xemeinen egingo duten bezala, zapatuan [ekainak 15] Eibarko Ipuruan egingo dute: “Ipuruaren barruan gaudenez, Eibar da toki nagusia. Ipuruako langileok Markina-Xemeinen eta Ermuan ematen ditugu klaseak”. Horregatik, hain zuzen ere, hiru herrietan egingo dituzte erakustaldiak.