2000 lagun inguru batu dira Ondarroako mobilizazioan
Konponbideak "ahal bezain lasterren" heltzeko helburuarekin egin zuten mobilizazioa atzo [ekainak 13] Ondarroako herritarrek.
2000 lagun inguru batu ziren atzo [ekainak 14] Ondarroako herritarrek Osakidetzaren eta herriko Osasun Etxearen egoera salatzeko zuten mobilizazioan. Egoera orokortu honen kudeaketa txarra mahaigaineratu eta Osasun Sailari konponbideak eskatu dizkiote herritarrek. Hurrengo deialdiei adi egoteko eskatu dute.
Zazpi mediku plaza daude Ondarroako Osasun Etxean, horietako bat, pediatrarena da. Gaur egun, hiru mediku daude lanean eta pediatriari dagokionez, urtarrilean bi urte bete ziren Ondarroa zerbitzu hori gabe geratu zenetik: “Familiako medikuak faltatzeaz gain, bi urte pediatria zerbitzua behar bezala bete gabe”. Erreferentziazko mediku bat horrenbeste denboran ez izateak ondorio larriak dituela aipatu dute eta osasun sistemak ezin dituela eman beharko lituzkeen zerbitzuak eskaini. Hitzorduak eskatzeko momentuan bi eta hiru astera eman behar dituzte, eta horrek kezka eta haserrea sortu du herritarrengan: “Horregatik, osasun arduradunei, kasu honetan Osasun Kontseilariari, konponbideak eskatu nahi dizkiogu”.
Horrez gain, ginekologia zerbitzua bertan behera geratu zen pandemiarekin eta ez da berreskuratu. Errehabilitazio zerbitzuari dagokionez, berriz, Zornotzara edo Durangora joan behar dute. “Ondarroan zegoen errehabilitazio zentroa itunpekoa zen, baina Osakidetzatik bideratuta joateko aukera zegoen. Orain ez dago zerbitzu hori herrian”.
Aurrekariak. Egoera salatzeko asmoz, maiatzaren 16an kalera atera ziren leheengoz kalera langileak; egun berean, Urtza Alkorta Arrizabalaga Ondarroako alkateak batzarra eskatu zion Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari, egoeraren berri eman eta konponbidea bilatzen ahalegintzeko, oraindik ez du erantzunik jaso. Aste berean, Zatozte Ondarroako dendari eta ostalari elkarteak sinadura bilketa ipini zuen martxan, neurria hartzeko bidea egiten hasteko. Maiatzaren 31n pentsionistak ere Osasun Etxeko atariko elkarretaratzera batu ziren.