Belaunaldien arteko harremanak sustatuz
Elkarlanean ibili ostean, jai giroan batu dira Zubi Zahar Herri Ikatolako ikasleak eta Eguneko Egoitzako egoiliarrak 'Zubi Gazte' proiektuari amaiera emateko.
Ikasturte amaierako jaialdiarekin eman zioten amaiera atzo [ekainak 13] Zubi Zahar Herri Ikastolan, Zubi Gazte proiektuari. Bizitzako ziklo ezberdinetan dauden pertsonen arteko harremanak sustatzea helburu izanik, belaunaldien arteko proiektua landu dute Ondarroako Eguneko Zentroak eta Zubi Zahar Herri Ikastolak.
Abenduan jarri zuten martxan proiektua eta hainbat helburu finkatu zituzten: «Ikasleen enpatia eta elkartasuna sustatzea ikastolak irteera profilean definituta dituen bi balore dira, eta proiektu honekin horiek ere bultzatu nahi genituen. Horrez gain, ezagutza, gaitasun eta balioen elkartruke bat egin nahi izan dugu, ikasleak egoiliarrari eta alderantziz». Beste helburuetako bat ikastolaz kanpoko pertsonekin harremanak sortzeko aukera zabaltzea izan da, horiekin gozatzeko espazioak sortu eta egoiliarren egunerokotasunarekin apurtzea.
Udazkeneko hostoak margotzen hasi ziren abenduan eta danborrada ospatu zuten urtarrilean. Inauterietan mozorrotu egin ziren eta martxoan mahai jolasetan gozatzeko aukera izan zuten. «Apirilean elkarri bizipenak kontatzeko tartea hartu genuen, eta maiatzean kantutegia sortu».
Atzo [ekainak 13] ospatutako ikasturte amaierako jaialdiagaz eman diote amaiera Zubi Gazte proiektuari. Goiza elkarrekin igaro ondoren, ikasturtean zehar bizitako momentuak gogoratu zituzten, argazki bildumaren bitartez. «Momentua gozatu eta ondo pasatzea izan da amaierako jaialdiaren helburua, baita ikasturtean zehar sortutako harremanak sendotu eta eguneko egoitzako egoiliarrei ikastolako ikasle zein irakasleon esker ona adieraztea ere».