Bihar ipiniko dute martxan Lekeitioko aparkaleku sistema berria
Gune berde eta gorriak martxan ipiniko dituzte. Arropaineko eta Santa Katalinako ordainpeko sistema ekainaren 27an hasiko da. Ispasterreko bidean dauden bi aparkalekuak ez dira ordainpekoak izango.

Lekeitioko aparkaleku sistema berria ipiniko du martxan bihar [ekainak 15] Lekeitioko Udalak. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, “herritarrak hobeto bizitzeko helburuarekin” ipini dute martxan sistema berria, herritarrak, komertzioak, ostalariak, inguruko herritarrak eta udatiarrak “ardatz” hartuta.
Hala, bihartik aurrera herri guztia izango da gune berdea, hau da, egoiliarren gunea. Era berean, gune gorriak ere martxan ipiniko dituzte: “Eremu komertzialetan erosketak egin ahal izateko errotazio azkarreko aparkalekuak ipini dira”. Gogorarazi dute egoiliarren txartel berdea udaletxeko kontziopean dagoen bulegoan eskatu behar dela, astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:00etara.
“Errotazioa bermatzeko” helburuagaz, Arropaineko eta Santa Katalinako ordainpeko sistema, berriz, ekainaren 27an ipiniko dute martxan: “Ordura arte froga, egokitzapen eta neurketa batzuk egingo dira”. Gogorarazi dutenez, ordainpeko aparkalekuetan txartel berdea dutenek ere aparkatu dezakete.
Bestalde, Ispasterrerako bidean dauden bi aparkalekuak ez dira ordainpekoak izango aurten, “Bizkaiko Foru Aldundiaren oztopoak tarteko”. Ordainpekoak izango ez diren arren, aparkalekuen sarreretan makinak ipiniko dituzte balorazio orokorra egiteko, zirkulazioa neurtuz eta datuak jasoz.
Fidelizazio txartela. Arropaineko eta Santa Katalinako aparkalekuetarako fidelizazio txartela eskuratzeko aukera dago. Horretarako, kotxearekin aparkalekura sartu, eta ondoren, makinan egin beharko da eskaera. Hilabete bat (90 euro), bi hilabete (150 euro) edo hiru hilabeteko fideltasun txartela eskuratzeko aukera egongo da. Hiru hilabetekoa hasieran planteatutakoa baino merkeagoa da, sistema berria ekainaren 27an ipiniko dutelako martxan.