"Oso giro ona" egon da XIX. Markina Shots jaialdian
Antolatzaileek aurtengoaren balorazio "oso positiboa" egin dute. "Oso pozik" daude bai kontzertuekin eta baita ikusleen erantzunarekin ere.
“Betikora” itzultzeko gogoz zeuden Markina Shots jaialdiko antolatzaileak, eta euren onena emanda amaitu dute XIX. jaialdia ere. Joan den eguenetik [ekainak 13] zapatura [ekainak 15] arte rock and rollak hartu zituen Markina-Xemeingo kaleak, eta balorazio “oso-oso positiboa” egin dute antolatzaileek: “Gu oso pozik gaude. Kontzertuen maila oso altua izan da, jendeari gustatu zaio, eta gure aldetik ere, oso positiboa da balorazioa. Formatua ondo definituta ikusten genuen, eta ikusi dugu horrela dela eta ondo goazela formatu aldetik”.
Hori horrela, eguenean [ekainak 13] Old Time Spooks taldeak eman zion hasiera jaialdiari, eta jendeari “asko” gustatu zitzaiela azpimarratu dute antolatzaileek: “Musikarien proposamena apur bat desberdina da: instrumentu aldetik, Estatu Batuetako instrumentu ezberdinak jotzen dituzte, eta bisualki apur bat bitxia da. Jendeari asko gustatu zitzaion”.
Barikuan [ekainak 14], berriz, Markina Shots ondo baino hobeto ezagutzen duten Orkresta Elektrotunako kideek eman zieten hasiera egunari: “Betiko moduan, sekulako giroa ipini zuten. Gauean Micky & The Buzz taldeak jo zuen, eta hori ere jendeari asko-asko gustatu zitzaion. Euren jarrera oso ona izan zen. Oso giro ona egon zen, eta jendea dantzan topera ibili zen.
Zapatua, goi-goitik. Jaialdiagaz amaitzeko, Korribeer lasterketa egin zuten zapatuan [ekainak 15]. Bost bikote inguruk parte hartu zuten, eta “oso ondo” egon zen: “Jende asko egon zen ikusten, bikain joan zen”. Hala, iazko irabazleek berriro ere irabaztea lortu zuten, Alex Unzuetak, Josu Bereziartuak eta Iagoba Arriolak. Korribeerren ostean, kontzertuek hartu zuten protagonismoa. Ama Say taldeak eman zion hasiera: “Ama Sayk jende asko ekarri zuen, batez ere, 40 urtetik gorako jende asko”. Jarraian, The Wilde Tryflesek jo zuen: “Oso ondo joan zen, jendeari gustatu zitzaion”. Azkenik, Pajaro talde sevillarra igo zen oholtzara: “Pajarok izugarrizko arrakasta izan zuen. Oso ondo entzuten zaie, teknikoki makina batzuk dira, eta jendearentzako sorpresa izan zen. Zuzenean ikusteko taldea da; musika plataformetan entzun, eta oso ondo dago, baina zuzenekoak sekulakoak dira”.
Hala, “pozik” amaitu dute aurtengo jaialdia antolatzaileek: “Oso giro ona egon da. Igarri dugu kanpotik ere jende asko etorri dela. Batez ere zapatuko lehenengoko orduan, inoiz baino jende gehiago egon dela esango genuke. Orokorrean jende asko ibili da”.