'Turrune' lanagaz Kultura Ondarea Saria irabazi dute eskualdeko ikasleek
Lea Artibai Ikastetxeko ikasle talde batek irabazi du lehiaketa. Ondarroan arrantzak urte askotan zehar izan duen garrantzia lantzeagaz batera, turrunak izan duen eragina ere erakutsi dute bideoan.
Euskal Kultura Ondarea zabaltzeko bideo lehiakea antolatzen du urtero Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika eta Hezkuntza Sailek, eta aurtengo saria eskualdeko ikasle talde batek eskuratu du. Hain zuzen ere, Denis Alberdi markina-xemeindarraren, Amets Alvarez etxebarritarraren, Araia Gartzia-Salazar ondarrutarraren eta Elaia Gogenola berriatuarraren Turrune izan da aurtengo lan irabazlea. Ikasturtea ezin hobeto amaitzeko Napolirako bidaia batez gozatu ahalko dute ikasleek, lan onenaren saria irabazita.
Lea Artibai Ikastetxeko ikasleak denak, ez dira lehiaketara aurkeztu diren talde bakarrak izan. Aitortu dute, euren ikaskideek ere “oso lan onak” egin dituztela: “Saria ezustekoan jaso genuen. Hainbat taldek parte hartu dute, eta bagenekien ez zela erraza izango. Ze, gure ikastetxeko beste taldeen lanetatik hasita, oso lan onak aurkeztu dira”.
Izan ere, klaseko hainbat ikasgai zeharkatu dituen lana izan da: filosofian gaiaren aukeraketa egin dute, euskaran gidoia landu dute, eta informatikan bideoaren grabazioa eta edizioa egin dituzte. Bideoa egiteko prozesua “esperientzia ona” izan dela aipatu dute, eta lanean “oso ondo” moldatu direla: “Hainbat gauza berri ikasi ditugu”.
Hain zuzen ere, Gartzia-Salazar ondarrutarrak eman zuen hasierako ideia: “Taldeko lauron herri bateko zerbait sinbolikoa landu nahi genuela argi geneukan. Ondarroan, arrantza arrazoi nagusia izanda, komunikabide garrantzitsua izan da turruna, eta urte pasa ahala gutxiago entzuten da”. Hori izan zen, bideoa lantzeko gogoa piztu ziena, eta hala, Ondarroan arrantzak urte askotan zehar izan duen garrantzia lantzeagaz batera, turrunak izan duen eragina ere erakutsi dute bideoan.