Antxustegi eta Urresti, Goilurrak Rallyko gailurrean
Asteburuan Urola erdialdean eta Goierrin VI. Goilurrak Rallya lehiatu dute rally gidariek. Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti markina-xemeindarrek 50 segundoko aldeagaz irabazi dute.
Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti markina-xemeindarrek lortu dute VI. Goilurrak Rallyko azkarrenak izatea. 2021ean bigarren postua lortuta, oraingoan gailurrera heltzea lortu dute. Gainera, azken bi lasterketak utzi egin behar izan dituzte, eta azken horrek “arantzaxoa” kentzeko balio izan die: “Azken bi lasterketak ondo gindoazela abandonatu egin behar izan ditugu, eta behintzat, kendu dugu arantzatxoa”.
Lazkaoko Ikullu Racing eta Azkoitiko Errebueltie eskuderiek elkarlanean antolatu zuten rallyan 60 autok eman zuten izena, baina 56 irten ziren zapatuan [ekainak 15] Azkoititik. Erlojupeko zati guztiak amaitzea, berriz, 33 autok lortu zuten. Markina-xemeindarrek erlojupeko zortzi zatietatik seitan lortu zuten azkarrenak izatea. Lehenengo zatia “lasai” hartu zutela azaldu dute: “Lasterketaren lehenengo zatia lasai hartu genuen, lasterketa aztertzeko. Ikusi genuenean lehenengoek hamabi segundo atera zizkigutela, pentsatu genuen ezin genuela lasterketa eskapatzen utzi, eta bigarrenean atakatzen hasi ginen”.
Hala, “ondo” funtzionatu zien taktikak, eta “denbora dexente” atera zieten eurei atzekoei. Bigarren eta hirugarren zatietan bi segundo inguruko aldea atera zieten bigarrenei, eta seigarrenean bigarren postua lortu zuten arren, gainontzeko zatietan 40 segundotik gorako tartearekin heldu ziren helmugara. “Hasieran lehia polita eduki genuen lehenengo hiruron artean, baina, Narbaizak, bigarren zihoanak, autoarekin ukitu txiki bat egin zuen, eta abantaila handitzen joan zen. Gero, lasaiago ibili izan ginen”, azaldu du Urrestik.
Hala, Renault Clio Williams autoagaz batezbesteko 93,94 kilometro orduko abiaduran eta 1.16.49,143ko denboragaz irabazi zuten markina-xemeindarren. IƱaki Narbaiza eibartarrak eta Egoitz Mujika urretxuarrak (Peugeot 208 Rally 4), berriz, 92,92ko batezbesteko abiadura eroan zuten, eta 1.17.39,631ko denboragaz lortu zuten lasterketa amaitzea. Podiuma berriz, bertokoek, azkoitiarrek, osatu zuten: Ibon Beitiak eta Xabier Lizarraldek (BMW 328i E30) 91,44ko batezbesteko abiaduran egin zuten lasterketa, 1.18.54,944ko denboran.