Lea-Artibaiko enplegu azoka "oso ondo" joan da
Joan den barikuan [ekainak 14] Markina-Xemeingo Berritze Gunean hamazazpi enpresaren lan eskaintzak egon ziren; 75 pertsona inguru bertaratu ziren.
Leartibai Fundazioak urteroko enplegu azoka ospatu zuten joan den barikuan [ekainak 14]. Eskualdeko hamabi udalen eta BFAren laguntzagaz, Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunea izan zen eskualdeko hamazazpi enpresen plaza. Antolatzaileek enpresetako ordezkariengandik jaso dutenaren arabera “oso-oso pozik” amaitu zuten azoka: “Oso ondo joan zen. Etorri ziren enpresak oso-oso pozik egon ziren pilo bat kurrikulum jaso ahal izan zituztelako, eta etorri ziren pertsonak ere oso pozik, eskaintzen zen lan aukerarengatik”.
Hain zuzen ere, 75 pertsona inguru bertaratu ziren Berrikuntza Gunera: “Gehiengoa” Lanbide Heziketako pertsonek osatu zuten arren, profil gehiagoko pertsonak ere joan ziren. Izan ere, profil guztietarako lanpostuak eskaini zituzten enpresek: “Enpresa asko lanpostu zehatzekin etorri ziren, eta oso ondo egon zen, ze pertsonak lanpostu zehatz horietan eman zuten izena”. Bestalde, kurrikuluma eroan zutenen %70a inguru, gizonezkoak izan zirela jakinarazi dute.
Enpresa industrialen kasuan, hainbat lanpostu desberdin eskaini zituzten: soldadoreak, elektronikoak, ingeniariak… Era berean, Leartikerrek ikertzaile profilaren eskaintza eroan zuen: osasun alorrerako, modelizazio eta simulazio aurreraturako… Bestelako hainbat lanpostu ere egon ziren, esaterako, Lantegi Batuaken eskaintza eta Lea-Artibai Amankomunazgoarena. “Mantentze lanetarako pertsonak, etxez-etxeko zaintza zerbitzua emateko pertsonak, administrari laguntzaileak, komertzialak, lorezainak… Denetariko eskaintza egon zen, pilo bat”, azaldu dute antolatzaileek.