Obego taldeak diru bilketa kanpaina jarri du martxan
Hamaika abesti euskaldunez osatutako lehen diskoa kaleratuko du Obego talde mutrikuarrak. Zazpi egun barru amaituko da crowfunding kanpaina.
Unax Urkiri , Jon Galarraga, Eritz Urkiri eta Unai Fernandezek osatzen dute 2019an sortu zen Obego talde mutrikuarra. Lehenengo momentutik eraman dute sormen prozesu bat aurrera eta oraingoan, prozesu horri izen-abizenak jarri nahi dizkiete crowfunding kanpainaren bidez atera nahi duten diskoarekin. Hamaika abestiz osatutako diskoa izango da, guztiak euskaraz.
Denbora bat igaro ondoren beraien disko propioa kaleratzeko momentua dela esan dute, “gogoa geneukan proiektuari forma emateko eta AME estudioarekin kontaktuan jarri ondoren berarekin hasi genuen prozesua. Asko ikasi dugu eta ideia asko partekatu ditugu. Ikusirik, gazteak garela eta momentu honetan ekonomikoki ezin dugula disko baten kostua asumitu, inguruko taldeen eredua hartuta crowfunding kanpaina jarri dugu martxan”.
Hilebete daramate diru bilketa kanpainarekin eta zazpi egun barru amaituko da, zehazki, ekainaren 25ean. Itsulapikoa.eus plataformaren bidez eraman dute aurrera kanpaina, “Euskal Herriko herri proiektuei bultzada ekonomikoa emateko plataforma da”. Eskertuta agertu dira taldeko kideak, “gure lehen diskoa grabatzeko laguntza eman digun orori esker ona adierazi nahi diegu”. Taldeak jarritako helburua 4.000 eurokoa izan da eta momentu honetan 2.980 euro lortu dituzte, “bihotzez eskertzen dugu ekarpen txikiena ere, Obego laguntza eman diguten horiei esker izango da”.