2030 Agendaren inguruko Udal Foroa egin dute Ondarroako ikastetxeek
Zaldupe Eskolako, Zubi Zahar Herri Ikastolako eta Ondarroa BHIko 2030 Agenda ordezkariek ikasturtean egindako ekimenak, hartutako konpromisoak eta aurrera begirako eskaerak helarazi dizkie Ondarroako Udalari.
Ikasturte honetan ere “buru belarri” ibili dira Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastola, Zaldupe Eskola eta Ondarroa BHI 2030 Agenda lantzen. Udal Forua egin zuten atzo [ekainak 18] eta landutako ekintzak, hartutako konpromisoak eta aurrera begirako eskaerak aurkeztu zizkieten Ondarroako Urtza Alkorta Arrizabalaga alkateari eta Irina Alkorta Bedialauneta alkateordeari.
Ekintzei dagokienez, hainbat izan dira ikasturte guztian hiru ikastetxeek burutu dituztenak: ortuan jarritako berotegia, hondakin gutxiago sortzeko protokoloa, baserrietara bisita, udaberri festa, edari mota desberdinen osagaien azterketa, sasoiko produktuen landaketa, esnekien jatorrien azterketa eta ibai garbiketa, besteak beste.
Hartu dituzten konpromisoen artean, lau azpimarratu zituzten ikasleek: “kukaña ingurua garbi mantentzen ahaleginduko gara, Udalak abian jarritako kanpainagaz bat eginez eta Udalak jarri dituen edukiontzi berrietara botako ditugu dagozkien hondakinak”. Horrez gain, herri mailako eta 2030 Agendagaz lotura duten kanpainetan parte hartuko dutela aipatu dute, besteak beste, konpost egunean, udalak banatutako haritzak banatzeko ekintzan eta tapoi bilketa solidarioan. Laugarren konpromisoari dagokionez, ikastetxe mailan jasangarritasunaren inguruan hartutako neurriei jarraipena emango die, “uraren kontsumo arduratsua izango dugu eta argiari dagokionez, kontuan hartuko dugu ikasgelan inor ez dagoenean argia itzaltzea. Horrez gain, zaborra ondo sailkatzeko konpromisoa eta ikastetxeko baratza indartzea ere gure helburuak izango dira”.
Sei eskaera helarazi zizkien Udalari. Hasteko, sei eta hamabi urte bitarteko haurrentzako parke bat eskatu zuten, Zaldupe Eskolaren ondoan dagoen zelaian, “ume txikiei bideratutako parkeak daude herrian eta guk ere nahi dugu gure adinekoentzako jolasteko leku bat”. Herriko ikastetxeetara oinez, patinez edo bizikletagaz joateko irisgarritasun plana izan zen bigarren eskaera eta horri lotuta, herri osoan zehar bidegorria egoteko nahia ere plazaratu zuten, bizikletagaz modu seguruan mugitu ahal izateko. Ondarroa BHIko ikasleek urtero antolatzen duten role playingean Udalari parte hartzeko eskaera egin zioten, eztabaidan Udalaren rola egoteko. Azkenik, herriko farolak eta espaloiak ondo egotea eskatu zuten.
Udaleko ordezkariek eskerrak eman eta Udalean landuko zituztela azpimarratu zuten. “Beharrak desberdinak dira adinaren arabera eta garrantzitsua da herritar guztion iritzia jakitzea”, aipatu zuen Alkortak. Urtean zehar landutakoak amaierarik ez duela esan zuten ikasleek eta Udalari eskerrak emanez amaitu zuten 2024ko Udal Foroa: “Guztiok elkarrekin lanean jarraitu behar dugu jasangarritasunaren alde hartu ditugun kopromisoak aurrera eramanez, eskerrik asko udaleko ordezkari guztioi gure proposamenak entzun eta kontuan hartzeagatik. Denon artean Ondarroa herri jasangarri bihurtu dadin lanean jarraituko dugu”.