Emandako guztiaren truke
Sabin Kortabitarte eta Karmele Legarra omendu ditu Aulestiko herriak, "gaur egungo Aulesti sortzeko bizitza osoan eginiko lanagatik".
Eskuak pianora eramanez, doinu eta erritmo geldoan entzun dezake publikoak Cara al sol abestia. Haur bat eta nagusi bat daude oholtzan, txapelagaz belarriak estalita, Sabin da haurra. Hamarkada batzuk atzera egin, eta 1954. urtea da Lea-Ibarran. Amorotoko eskolan irakasle guztiak frankistak dira, bat izan ezik, beste hori errepublikanoa da. Sabinek asko dio eskertzeko, desberdin pentsatzeko aukera dagoela erakusten baitio egunero. Urte batzuk aurrera egin eta 1960an dago Karmele, Aulestin. Etxetik eskolara eta eskolatik etxera, hori da bere egunerokotasuna. Eskolan ere, banatuta jartzen dituzte neska-mutilak. Neskek josten, zaintzen eta neska onak izaten ikasten dute. Mutilek, berriz, pilotaka edo futbolean. Etxera heldu eta amari laguntzen dio Karmelek, etxeko lanak egiten.
Sabin Kortabitarte eta Karmele Legarra dira protagonista horiek, eta Aulestiko herriak “bizitza osoan zehar egindako lana eskertu” nahi izan die, domekan eginiko omenaldian. Bi urte daramatzate esker ona adierazi nahian: “Herritik sortutako ideia da. Egindako lana eskertu nahi diegu, baita lan guzti hori dokumentatu ere. Abenduan hasi ginen gidoia egiten, musikariak eta abesbatza Aste Santuan hasi ziren entseatzen. Azken hilabeteetan omenaldi hau prestatzen ibili gara 60-70 herritar”, aipatu dute antolaketa lanetan ibili diren herritarrek.
Garai ilunei buruz ere aritu ziren omenaldian. 1970etik 1975era bitarteko urteak ez ziren onak izan leatarrentzat: lan aukerarik eta garraio egokirik ez, etxebizitza urritasuna, haur gutxi Aulestin eta inguruko herrietan eta eskolak mantentzeko arazoak, gazteak inguruko herrietara lan bila… Egunak igaro ahala, herriko baserriak husten joan ziren eta mugimendu guzti horrek Lea-Ibarrako herrien despopulazioa ekarri zuen. Jenderik gabe ez baitago herririk, ez hizkuntzarik, ez kulturarik.
Testuinguru horretan sortu zen epe luzera begira antolatutako planak Lea-Ibarrari kolorea eta indarra ematea zuen helburu: Gaurko umeak biharko gazteak. “Ardatz desberdinak izan zituen proiektuak: herrigintza, kulturgintza, musika, ekonomia… Plan horri esker dago gaur egun Lea-Ibarra bizirik. Guzti hori eskertu nahi izan diegu Karmele eta Sabini”.
Gazte talde bat batu, eta herri eta eskualdeko etorkizuna irudikatuz sortu zuten plana. 1971an burutu zuten plan horrretako lehenengo ekintza: Lea-Ibarrako haurrekin Aulestitik kanpo udalekuak antolatzea. 130 ume inguruk parte hartu zuten, eta horri tiraka, antolatutako ekintza guztiak legalizatzeko sortu zuten guraso elkartea, Federacion Catolica de padres de familia zena.
Herritik sortutako ideia da. Egindako lana eskertu nahi diegu, baita lan guzti hori dokumentatu ere.
Bigarren mugarria jarri zuten: Aulestiko umeek herrian bertan ikasteko aukera izateko eskola sortzea. Horretarako dirua behar eta, Santa Eskean hasi ziren, behar zuten kopurua lortzeko. Horrela sortu zuten gaur egunera arte iraun duen abesbatza. “Abesbatzagaz jarraitzea pentsatu zuten, eta hortik etorri zen antzerki musikatu bat egiteko ideia”. Sasoi hartako egoera sozioekonomiko eta politikoa ikusita, Telesforo Monzonek idatzitako Menditarrak antzezlana antzeztu zuten. Antzerki musikatua egitea zen beraien nahia, beraz, Kortabitartek, orduko lankidea zuen Lautxi arratzuarragaz jarri zion musika Menditarrak lan ezagunari. Musika jo eta ikasteko grinak gaur egunera arte iraun duen Musika Eskola sortzea ekarri zuen Aulestin geroago. “Aurrera jarraituz, bazegoen beste gogo bat plan horren guztiaren barruan. Umeak arte diziplina desberdinetan hezi ahal izatea, kultur aberastasuna eta herri iraupena ekarriko zituelako, baita, herri bizi eta kritikoa izatea ere”. Eta horrela arte eskola sortu zuten Aulestin, lehengo arma fabrika eraldatuz.
1979. urtean herri hautagaitzak martxan jarri ziren. Lanean sentsibilizatuta zeuden gazteak udaletxeetan egotea zen helburua: “Durangora joaten ziren Tasio Erkiziarengana administrazio lanak egiten ikastera”. Horrela, bailarako herrien arteko harremanak estutu eta amankomunazgoa sortzearen ideia mahaigaineratu zen: “Amankomunazgo bat sortzea izan zen herri txikien biziraupenerako giltza. Momentu hartan plan urbanistiko eta estrategiko guztiak Lea-Artibaiko Artibai ardatzean kokatzen ziren, eta begirada Lea-Artibain jartzeak, Lea-Ibarrako herri txikien amaiera ekarriko zuen”.
Kortabitarte Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxeko irakasle zen momentu hartan, eta bere lan orduak murriztu zituen, Lea-Ibarran negozio berriak sortzeko prozesua abiatzeko, Arrasateko promozio taldeekin elkarlanean. “Etxeko diru sarrera erdiekin familia aurrera ateratzea ez zen erraza izan, baina lortu zuen eskualdeko plan ekonomikoa aurrera ateratzea, hortik sortu ziren Lealde, Burdinola eta Herriola lantegiak”.
Herritarren esker ona. Horri guzti horri esker lortu da gaur egungo Aulesti. “Orduko umeak gaur aulestiar izatearekin harro gauden gurasoak gara, etorkizuneko aulestiar gazteen gurasoak”. 1971ko “koloniak” gaurko udalekuak eta Kubike Aisialdi Elkartea dira. Orduko Federacion catolica de padres de familia, gaurko Urzabal Guraso Elkartea da. Frankismo garaian sortutako Ikastola, gaurko Urregarai Herri Eskola publikoa da.
Orduko umeak gaur aulestiar izatearekin harro gauden gurasoak gara, etorkizuneko aulestiar gazteen gurasoak.
Orduan utopia zen perspektiba ezkertiarra, gaur egun errotuta eta sustraituta ikusi daiteke Aulestiko. “Jarraitu dezagun Sabinek eta Karmelek hasitako plana hauspotzen, gaurko umeak biharko gazteak izango direlako eta Aulesti koloretsu eta bizi bat nahi dugulako. Eskerrik asko Sabin eta Karmele”.