Markina-Xemeingo karmenek badute irudia
Helduen mailako irabazlea Iñaki Aretxabaleta da, eta umeen mailakoa, Ainara Bereziartua. Kartel denak ikusgai daude udaletxeko sarreran.
Aurtengo Karmen Jaietarako ere kartel lehiaketa antolatu zuen Markina-Xemeingo Udalak, eta aukeratu dute jada aurtengo irabazlea. Helduen mailan Iñaki Aretxabaleta Andonegik irabazi du, eta umeen mailan, berriz, Ainara Bereziartua Lazarok. Biak ala biak ere, markina-xemeindarrak. Aurkeztu diren kartel denak ikusgai daude udaletxeko sarreran.
Umeen mailan 16 urtetik beherako umeek parte hartu zezaketen, eta 12 urteko Bereziartuaren Tximeleta margolaria lana izan da onena. Udalak jakinarazi duenez, guztira bi lan aurkeztu dira, “biak oso landuak”; bigarren geratu denak “koloreen aukeraketa egokia eta landua” egin badu ere, ez du eskatzen zen testua txertatu irudian.
Aretxabaletak, berriz, Buruhandiak euren saltsan izenagaz aurkeztu du bere lana helduen mailara. Jaso dituzten hamahiru lanen artetik onena izan da berea, gainontzekoak ere “oso kalitate oneko kartelak” izan diren arren: “Epaimahaiak positiboki baloratzen du partaideen ahalegina eta jarrera”.
Epaimahaiak azaldu duenez, teknikoki “oso ondo” landuta dago: “Kartelak oinarri duen marrazkia oso ondo garatuta dago, eta komikien lengoaia gogorarazten du. Aukeratutako konposizioari esker, ikuslearen begirada etengabe darama elementu batetik bestera”. Izan ere, pertsonaiak hiruki forman antolatu ditu, eta erpinean, “denak zaindu edo babesten balego bezala”, Alarabi dago, “modu goxo eta lasaian irudikatuta, pilotariei ere keinua eginda”.
Alarabigaz batera, kartelari izena ematen dien herriko gainontzeko pertsonaiak ere ez dira falta. Era berean, koloreek ere “jai giroan sartzen du ikuslea: “Koloreei dagokienez, kolore alai eta saturatuen erabilerak jai giroan sartzen du ikustea, eta urdin apalarekin guztia orekatzea lortu du”. Hori horrela, epaimahaiko kideen ustez herriko jaietako esentzia “bikain” harrapatu du: “Laburbilduz, Markina-Xemeingo jaien inguruko ikonografia oso era dotorean erabili du, eta aniztasun mezu bat iradokitzen du”.