Ñire Telleria ispastertarrak BizkaIdatz Txikia saria irabazi du
Bizkaiko Foru Aldundiak literatur sorkuntza eta irakurketa sustatzen ditu BizkaIdatz Txikia literatur lehiaketagaz.
Ispasterko eskolako Ñire Telleria Santosek Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen duen BizkaIdatz Txikia literatur lehiaketa saria irabazi du. Hamargarren txapelketan, haur eta gazteek kontakizun bat idatzi behar izan dute, bi istorioren hasieragaz jarraituz. Idoia Carramiñanak istorioaren hasiera euskaraz proposatu du, ‘Zer erremedio!’ izeneko kontakizunaren bidez. Hain zuzen ere, ispastertarrak haur mailako lehen taldeko sariduna izan da. Era berean, Telleriaren kontakizuna herriko liburutegian jarriko dutela aurreratu dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak “literatur sorkuntza eta irakurketa” sustatzen ditu BizkaIdatz Txikia literatur lehiaketagaz. Idoia Carramiñanak, Mirandak, Idoia Barrondo Etxebestek eta Juan Ramon Madariaga Abaituak osatu dute epaimahaia. Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Begoña de Ibarra Kultura zuzendari nagusiak banatu zituzten sariak Bizkaiko Foru Liburutegian. 2023ko urriaren 27an ireki zen parte hartzeko epea, eta 2024ko otsailaren 9ra arte egon zen zabalik. Parte hartu duten haur eta gazteek lau eta bost orrialde arteko luzapen aldakorreko proposamenak egin behar dituzte.
Hamargarren urteurrena
Aldundiak BizkaIdatz Txikia haur eta gazteentzako literatur lehiaketa 2015ean jarri zuen martxan, “Bizkaiko ikastetxeetako haur eta gazteen artean irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatzeko”. Hamar urtetan 1.949 parte hartzaile izan dituzte: 727 mutil eta 1.222 neska. Haur horietatik 896k euskaraz idaztea erabaki dute, eta 1.053k gaztelania aukeratu dute. Azkenik, kategoriei dagokienez, 866 haurrek parte hartu dute haur kategorietan, eta 1.083k, berriz, gazte kategorietan.