"Proposamen berritzaileak" datoz aurtengo Loraldian
Proposamen "anitz eta oparoagaz" dator Loraldiaren aurtengo jaialdia. Ekainaren 24tik 28ra bost artisten emanaldiak ikusteko aukera egongo da Lekeition. Sarrerak salgai daude.
Sortzaileak biluztu egiten dira euren publikoaren aurrean lan bat argitaratzen duten aldiro, baina, are gehiago biluzten dira zuzeneko emanaldietan. Loraldiak antolatzen duen Sormen Astea da halako emanaldiak ikusteko toki aproposetako bat: astebetez Lekeitio izango da, beste behin ere, artisten etxea. Euskal kulturaren erreferenteetako batzuek parte hartuko dute aurtengo edizioan, ekainaren 24tik 28ra bitartean. Sarrerak salgai daude jada loraldia.eus web orrian.
Antolatzaileek azaldu dute kultur ekintzen programazio “anitza eta oparoa” dela aurtengoa, eta erreferente diren sortzaileak bildu eta arlo ezberdinak jorratuko dituela: musika, literatura, performance-a, dantza, eta zinea izango dira eskainiko dituzten emanaldiak. “Kultur proposamenak berritzaileak izango dira, eta proposamen ez ohikoak ikusteko aukera izango dugu”, adierazi dute antolatzaileek.
Sortzaileak “gertutik ezagutzeko eta gozatzeko egundoko aukera” ematen du Sormen Asteak, izan ere, formatu txikiko ikuskizunak dira: “Sormen hauek zuzen eta artez galdetzen diote ikuslearen bihotzari, hunkitzeraino. Harremana estua da, Dena flasko txikian, garestiak diren lurrinak bezalaxe”.
Maialen Lujanbio, Anari edota Gari ikusteko aukera egongo da.
Bost egun, bost artista. Ez da aspertzeko astirik egongo Lekeition ekainaren azkenengo astean. Ekainaren 24an Odol kantari emanaldia eskainiko dute Unai Elorriaga idazleak eta Josu Aurrekoetxea musikariak. Hitzaldi muskatuaren formatua eroango dute Lekeitiora: “Asko kantatuko zaio heriotzari, gerrari, hilketari, odolari. Ikuskizun dibertigarria, dinamikoa eta oso erakargarria da”.
Ekainaren 25ean, berriz, Gari eta bere azken diskoaren txanda izango da: Behin bizitzea. Bakarkako formatuari helduko dio Lekeition: bere ahotsa eta gitarra entzuteko aukera egongo dira. Disko berriko abestiez gain, ezagunak diren beste hainbat abestiz osatutako errepertorioa eskainiko du.
Bertsolaritzak ere edukiko du bere tokitxoa Loraldian, ohiko formatutik apur bat aldenduta. Maialen Lujanbiok errezitaldi “poetiko-bertso-perfomatibo irakurri ikus entzunezkoa” eskainiko du ekainaren 26an. rr performancea dakar Lujanbiok, eta hitz jokoez gain, soinuekin eta pantailako proiekzioekin osatuko du emanaldia.
Bertsoetatik poemetara, eta poemetatik abestietara, ekainaren 25ean Anarik hartuko du Lujanbioren erreleboa. Bakarka arituko da musikaria, ia ordu eta erdiko emanaldian. 2022an argitaratu zuen bere idatzizko lehen lana, Gari eta goroldiozko, eta argitaratu berri du bere azken diskoa ere: Giza zarata. Horiek aurkezteko ibilbidean geldialdu bat egingo du Lekeition ere.
Jaialdia goi-goitik amaitzeko ekainaren 28an Dantzaz Konpainiaren txanda izango da. Itsasmina esperientzia eroango dute Lekeitiora Beñat Gereka dokumentalaren zuzendariak eta Gil Harush koreografiaren zuzendariek. “Proposamen berritzailea” aurkeztuko dute Lekeition: “Hasieran filma proiektatutko da, eta jarraian, eszena berean eta gai berarekin dantza koreografia plazaratuko dute. Dokumentalak arrantza herri baten itsas sutraiak esploratzera gonbidatzen gaitu”.
Egunez egun:
- Ekainak 24, 20:00. Unai Elorriaga eta Josu Aurrekoetxearen Odola kantari, Azkue aretoan.
- Ekainak 25, 20:00. Gari, bakarka, Ikusgarri aretoan.
- Ekainak 26, 20:00. Maialen Lujanbioren rr performancea, Azkue aretoan.
- Ekainak 27, 20:00. Anari, bakarka, Ikusgarri aretoan.
- Ekainak 28, 20:00. Itsasmina dokumentala eta dantza emanaldia, Ikusgarri aretoan.