Uztailaren 14an egingo dute Markina-Xemeingo III. Margo Lehiaketa
Karmen Jaien barruan egingo dute lehiaketa. Adin guztietakoek parte hartu dezakete; hainbat sari banatuko dituzte. Abuztuan eta irailean ikusgari egongo dira lanak Uhagonen.
Arteari eta sorkuntza artistikoari “bultzada” emateko asmoz herriko kaleetan zehar margolarien lanak ikusi ahalko dira Karmen jaietan, uztailaren 14an, hain zuzen ere.
Uztailaren 14an goizean goizetik hasiko dute eguna margolariek: 09:00etatik 10:00etara udaletxean eman beharko da izena. Ostean, arratsaldera arte edukiko dute margolara egiteko. Teknika libreagaz, gaia Markina-Xemein izango da: paisaiak, inguruak, herriko txokoak, eraikinak, herritarrak… Margolanak egiteko materiala bakoitzaren gustura aukeratu badaiteke ere, mihisearen gutxieneko tamaina 50×70 zentimetrokoa izango da, eta gehienezko tamaina, berriz, 100×100 zentimetrokoa.
Lanak 16:00etatik 17:00etara aurkeztu beharko dira Uhagon kulturgunean, eta parte hartzaile bakoitzak, gehienez ere, bi mihise egin ahalko ditu; aurkeztu, berriz, bakarra aurkeztuko dute lehiaketara, sinadura barik.
Denentzat zabalik. Edonork parte hartu ahalko du lehiaketan, eta hiru mailatan banatuta emango dituzte sariak. 0-12 urte bitarteko umeek marrazketarako materialak eskuratuko dituzte, 100 euroko balioa dituztenak, eta, 13-17 urte bitarteko gaztetxoek ere marrazketarako materialak eskuratuko dituzte, 200 euroko balioagaz. 18 urtetik gorako helduen mailan, berriz, hiru sari emango dituzte: irabazlearentzat, 800 euro; bigarrenarentzat, 600 euro, eta hirugarrenarentzat, 500 euro. Bestalde, Hemen Be Bai merkatarien elkarteak lehenengo markina-xemeindarraren lana sarituko du, 100 euroko erosketa bonoagaz.
Lanak, ikusgai. Antolatzaileek azaldu dutenez, epaimahaia pintura eta arte muduko kideek osatuko dute. Erabakia 19:00ak inguruan jakinaraziko dute; lanen kalitatea “behar bestekoa ez dela” erabakiz gero, udalak saririk ez emateko aukera dauka. Behin saridunak jakinarazita, lanak ikusteko aukera egongo da Uhagonen, abuztuan eta irailean. Gainera, saririk jaso ez duten lanak erosteko aukera egongo da, egileak hala erabakitzen badu.