500 triatletatik gora ibiliko dira asteburuan Lekeition zehar
Barikuan [ekainak 21] Gazte Triatloia egingo dute, eta zapatuan [ekainak 22] 31. Nazioarteko Triatloia. Zirkulazio mozketak egongo dira 16:00etatik aurrera.
Triatloia maite dutenentzat hitzordu garrantzitsua da Lekeitiokoa. Aurten 31. lasterketa antolatu du Garraitz Kirol Taldeak: zapatuan [ekainak 22] 460 triatleta irtengo dira helmugatik. 16:00etatik aurrera, igerian, bizikletan eta korrikan ariko dira kirolariak.
Iaz 100 emakumezkoren langa gaindituta – 107 emakumezko joan ziren – aurten ere kopuru antzekoak parte hartuko du: “Aipagarria da 460 triatletatik, 109 emakumezkoak direla. Beste triatloi batzuekin alderatuta partaidetza altua da Lekeitiokoa, eta guri asko pozten gaitu”. Hala erantzunagaz “oso pozik” daude antolatzaileak: “Azkenean, triatletek ematen diguten feedbacka da. Batzuk esaten digute huts egin ezin duten proba dela Lekeitiokoa, eta guk, antolakuntza modura, asko eskertzen dugu hori. Esfortzua egiten dugu urtetik urtera berdin izan dadik, eta jende guztia gustura egon dadin”.
Gainera, Euskal Herriko partaideez gain, atzerritarrek ere parte hartu ohi dute lasterketan, eta aurten ere, hala izango da: “Australiar talde bat dator aurten, bost mutil eta bi neskakoa. Oso maila ona dute. Euretako bat, Luke Willian, Olinpiadetarako sailkatuta dago, eta Lekeitioko triatloia egingo du; izar handi bat dator herrira. Era berean, Euskal Herriko triatleta onenak ere Lekeition egongo dira. Oso-oso maila ona espero da lasterketan”.
Hori horrela, 750 metro igeriketan, 21 kilometro bizikletaz eta bost kilometro korrika egingo dituzte. Antolatzaileek jakinarazi dute zirkulazio mozketak egongo dira triatloiak iraun bitartean. 16:00etatik 18:00ak aldera arte Lekeitio eta Plazakola (Milloi) arteko bidean mozketak egongo dira. Herri barruan, berriz, 16:30etik 18:30 ingurura egongo dira mozketak, portuan eta itsasargirako bidean.
80 gazte, lasterka. 31. Nazioarteko Triatloiaren aurretik, bihar [ekainak 21] Gazte Triatloiaren txanda izango da, iazko partaide kopurua bikoiztu dute: “Normalean 40 gazte inguruk parte hartzen dute, baina, aurten, 80 inguru izango dira”. Ume asko espero zituzten arren, “normalean baino gehiago” elkartuko dira bihar Lekeition: “Kirolak daukan gorakada igartzen da: jendeak interes gehiago dauka, eskola indartsu batzuk ere badaude… Lekeition modura, Durangon, Galdakaon, Bilbon, Sestaon… lan handia egiten dute”.
Lasterketa hondartzan hasi, eta portuan amaituko da. 2008tik 2015era bitartean jaiotako ume eta gaztetxoek parte hartuko dute, eta bakoitzak distantzia desberdinak egin beharko dituzten arren, ibilbidea denentzat berdina izango da: Isuntzako hondartzan igeri egin, bizikletarekin portua zeharkatu grua ingururaino, eta Abadeen moilara, korrika. Helmuga, berriz, udaletxe aurrean egongo da. Antolatzaileek azaldu dute lehenengo postuan edo azkenengoan heldu, denek jasoko dutela domina berdina.