Lekeitioren eta inguruko herrien eskaeretako bakarra beteko du Osasun Sailburuak
Lekeitioko, Mendexako, Amorotoko, Eako, Gizaburuagako eta Aulestiko Udaleko ordezkariak Gotzone Sagardui Osasun Sailburuagaz batzartu dira, eta "zoritxarrez" ez dute "nahi eta behar" duten erantzuna jaso.
Joan den barikuan [ekainak 14] batzartu ziren Lekeitioko, Mendexako, Amorotoko, Eako, Gizaburuagako eta Aulestiko Udaletako ordezkariak Gotzone Sagardui Osasun Sailburuagaz. Euren eskakizunak eroan zituzten arren, batzartu ostean ez dute aurreikusten anbulatorioko hutsuneak beteko direnik: “Batzarraren helburua Lekeitioko anbulatorioko osasun zerbitzuaren egoera larriari buruz haiekin berba egitea eta herriotatik ditugun eskaerak eramatea izan zen. Zoritxarrez, jasotako erantzuna ez zen nahi eta behar duguna izan”.
Hala, eskaera bakarrean jaso dute baiezkoa: emagina jubilatzean jardun osoz bere lanpostua beteko du Osakidetzak. Sagarduik lanpostu hori bete egingo zela ziurtatu zuen, eta udaletako ordezkariek “pozik” jaso zuten albistea: “Espero dugu momentua heltzean horrela izatea”.
Gainerako eskaera guztietan, baina, ezezkoa jaso zuten: pediatria zerbitzua bermatzea, ginekologia zerbitzua 2014ko hitzarmenean adostutako baldintzetan itzultzea, udako populazio igoerako erantzuteko mediku eta erizain gehiago ipintzea, Etengabeko Arreta Guneak eta anbulantzia medikalizatua Lekeition beti bermatuta izatea, herri txikietako osoasun zerbitzuak dauden bezala mantentzea eta urgentzietan egunero 24 orduz medikua egotea.
Udaletako ordezkariek azaldu dute Eusko Jaurlaritza berria osatzen denean Osasun Sailburu berriari euren gertaeren berri azaltzeko gutuna bidaliko diola, bilera eskatzeagaz batera.
Osasun Sailburuaren esanetan, Osakidetzan ez dago inongo murrizketarik: “Osakidetzak eskualdean plaza kopurua ez du murriztu, ez du murriztuko, etea ez ditu nahitaez lekualdatu profesionalak beste destino batzuetara. Osakidetzak beti du zabalik Familia Medikuntzako eta Pediatrako espezialistak kontratatzeko eskaintza, gizarte eragileekin lortutako akordioari dagokion bezala. Plazak ez badira betetzen edo langileek, euren eskubidea baliatuz, beste destino batzuk aukeratzen badituzte, ez da Osasun Sailaren plangintza txarragatik, baizik eta haiek duten lehentasunagatik”.
“Ez dago profesionalik”. Hori horrela, Sagarduik arrazoitu duenez, plazak mantentzen diren arren, horiek betetzeko profesional falta da ez betetzearen arrazoia: “Osasun zentroetako txanda guztiak betetzeko Familia Medikuntzako eta Komunitate Medikuntzako espezialistak edukitzeko zailtasuna ez dago Sailaren borondatearen esku“. Era berean, Sagarduiren hitzetan Espainiako Gobernuak ez zuen aurreikusi zenbat profesional beharko liratekeen gaur egun erretiratzen ari diren medikuen plazak betetzeko: “Ez ziren garaian handitu unibertsitate prestakuntzako plazak, ezta BAME espezializaziokoak ere. Egoera hori zuzentzen ari da, baina ez du ondoriorik izango urte batzuk igaro arte. Hori dela eta, ezin izan dira ordezkapenak bete, edo ezin izan dira mediku gehiago jarri jende gehiago biltzen den egunetan leku geografiko batzuetan: ez dago profesionalik eskuragarri, profesionalek sareko beste destino batzuk aukera ditzakete eta aukeratzen dituzte, baina Osakidetzak beti kontratatzen ditu lanpostu horiek bete nahi dituztenak”.
Larrialdi zerbitzuen inguruan, berriz, Osasun Sailburuak adierazi zuenez, herritarrek osasun zerbitzuak “bermatuta” dituztela arrazoitu zuen, “beti daukatelako urgentzietara joateko aukera, nahiz eta herrian ez izan”. Udalek, berriz, herritarren eskubideak “ez daudela bermatuta” uste dute, eta arrazoitu dute, urgentzietan medikurik barik egoteak “hil ala biziko egoeretan” arrisku maila “larriagotu” egiten duela eta “beranduegi” izan daitekeela.
Era berean, udaletako ordezkariek azaldu dute Eusko Jaurlaritza berria osatzen denean Osasun Sailburu berriari euren gertaeren berri azaltzeko gutuna bidaliko diola, bilera eskatzeagaz batera. “Herritarren bizitzak hobetzea da gure helburua, eta horretarako zerbitzu publiko duin eta kalitatezkoak izatea ezinbestekoa da. Udalok, lanean segiko dugu herritarren osasun eskubideak beteta egon arte”.