Martxan dago Andra Mari Jaietako kartel lehiaketa
Lanak entregatzeko epea uztailaren 12an amaituko da, 13:00ak baino lehen. Kartelik onenaren saria aukeratuko duen epaimahaia Ondarroako Udalak aukeratuko du.
Ondarroako Udalak 2024ko Andra Mari Jaietako kartel lehiaketarako deialdia egin du eta parte hartzaileentzako irizpideak zehaztu dituzte. Edonork har dezake parte eta gaia librea da, horrez gain, egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu beharko du. Uztailaren 12a izango da lanak entregatzeko azkenengo eguna, eta 13:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira udal erregistro orokorrean edo posta bidezko kasuan, hurrengo helbidean: “Ondarroako Udala- Jaietako kartel-lehiaketa 2024- 48700 Ondarroa”.
Edozein teknika erabili daiteke baina neurriari dagokionez, A-3koa izan beharko da eta formatuari dagokionez, euskarri gogorra edo papera. Derrigorrezkoa izango da tituluan “2024ko ONDARROAKO JAIAK eta letra txikiagoan, Andra Maixak, abuztuaren 11tik 17ra” jartzea.
Kartelak kartazal zarratuan sartuta aurkeztuko dira, egilearen izenik gabe, soilik lema edo goitizenarekin. “Kartazal horren barruan beste kartazal bat sartuko da eta horren kanpoan lema edo goitizena jarriko da, eta barruan egilearen izen-abizenak, telefonoa, helbidea eta nortasun agiriaren kopia”.
Ondarroako Udalak aukeratuko du epaimahaia eta sarituak, 600 euroko saria irabaziko du. “Aurkeztutako lanek ez badute behar den besteko kalitaterik, epaimahaiak erabaki dezake saririk ez ematea”.
Udaletik hainbat ohar zehaztu dituzte: “Udalak eskuratuko du saritutako kartelaren jabetza, eta eskubidea izango du argitaratzeko, zabaltzeko eta abar. Horrez gain, udalak eskumena izango du, beharrezkoa ikusiz gero, QR edo antzeko elementuak txertatzeko, beti ere kartelaren konposizioa aldatu gabe”.