Herriko dendak ere lagunkoiak izan daitezen martxan da Establezimendu Lagunkoia ekimena
Markina-Xemeingo Lagunkoia taldeak eta Markina-Xemeingo Udalak ipini dute martxan ekimena. Ekainaren 27an, 13:30ean, herriko denda eta establezimenduentzako jardunaldia egingo dute, lagunkoiago izateko helburuagaz.
Markina-Xemeingo Lagunkoia taldea eta Markina-Xemeingo Udala elkarlanean ari dira nagusientzako herri lagunkoiago bat lortzeko bidean. Herria lagunkoiago izan dadin, denen parte hartzea behar-beharrezkoa dute, eta beraz, hurrengo pausoa herriko denda eta establezimenduekin batera eman nahi dute. Horretarako ipini dute martxan, hain zuzen ere, Establezimendu Lagunkoia ekimena: “Zure establezimendua lagunkoiagoa izatea eta bere emaitzak hobetzea gustatuko litzaizuke? Parte hartu ezazu!”.
Hori horrela, datorren eguenean, ekainaren 27an, 13:30ean udaletxeko pleno aretoan egingo duten informazio jardunaldira joateko deia luzatu diete herriko establezimenduei: “Parte hartzen duten merkatariei eta ostalariei euren establezimenduak bezeroentzat lagunkoiagoak izaten eta adinekoen beharretara egokitzen lagunduko zaie”.
Pertsona nagusiak saltoki txikietara “sarritan” joaten direla-eta, eta “zerbitzu ona leialtasunez eta fideltasunez” saritzen dutela jakinda, hainbat aukera eskainiko ditu udalak, doan. Alde batetik, negozio bakoitzaren lagunkoitasuna hobetzeko jarraibideak ezagutuko dituzte, eta autoebaluazio baten bitartez hobetu daitezkeen puntuan identifikatuko dituzte. Bestalde, ekimen lagunkoiaren sarean sartzeaz gain, establezimenduen konpromisoa zabaltzeko asmoz, “Lagunkoiak gara” zigilua emango zaie.