Sanpedroetako herri bazkarirako izen emateko azken egunak
Ekainaren 29an egino dute, San Pedro jaietako herri bazkaria, eta izena emateko epea hilaren 26ra artekoa da.
San Pedro jaien egitarau barruan, hurrengo asteko zapatuan [ekainak 29] herri bazkaria egingo dute munitibartarrek. Herriko plazan elkartuko dira herritarrak, 14:30ean. Izena emateko epemuga eguaztena [ekainak 26] bitartekoa dela (15:00rak bitartean) aurreratu dute udaletik; horretarako, udaletxeko administraziora edota liburutegira jo beharko da.
Izena ematerakoan, taldekide bakoitzak euro bi ordaindu beharko dituela azaldu dute, eta talde bakoitzaren arduradun bat zehaztu. Arduradun horrek eremuaren muntaian eta demuntaian jardungo duten laguntzaileak lotu beharko ditu. Horrez gain, talde bakoitzak mahaiak frontoitik hartuko ditu; kozinatu ostean, dagokion tokira bueltatuko du, garbitu ondoren. Jai Batzordetik, hain zuzen, herritarrei kozinatzera animatzeko deialdia luzatu diete, modu horretan “orain arte egondako giroa mantentzeko”.
Talde bakoitzaren kokalekua zozketa bidez argituko dute, eta jai batzordeak ondorengo elementuok emango dizkio: ogia, eskuzapiak, edaroa, postrea, platerrak, edalontziak eta tresneria berrerabilgarria. Horiek denak, behin bazkaria amaituta, egoera onean itzuli beharko dituzte, “hurrengo ospakizun batzuetarako erabilgarriak izango baitira”. Amaitzeko, adierazi dute talde bakoitzak hondakin guztiak dagozkion frakziora bota beharko dituela.