Goi-goitik hasi dituzte Amalloko San Joan jaiak
Unax Magunazelaia abadiñoarrak eta Xuhare Urruzuno bertoko gazteak harri jasotze erakustaldia eskaini dute. Arratsaldean zaldi probak egongo dira, eta iluntzean, berriz, Amalloko I. Zortziko Txiki txapelketa.
Amallo jaietan. Hala irakur daiteke kartela Amallorako bidean. Zuhaitz artean bideari jarraituz Amalloko ermitara heldu, eta bai, ikus daiteke San Joan jai giro bete-betean daudela auzotarrak. Eguraldia lagun izan ez arren, goizean umeentzako mendi ibilaldia egin dute, eta ermita inguruan indarrak hartu ostean, adi-adi jarraitu dute 13:00etako harri jasotzaileen erakustaldia.
Ordurako prest egon dira Urdax Magunazelaia abadiñoarra eta Xuhare Urruzuo amalloarra; Magunazelaia harri handien Euskal Herriko txapelduna izandakoa da. Urruzuno, berriz, Amallon harri jasotzen aritu den lehenengo emakumezkoa da.
Hala, bi minututako txandetan ekin diete harriak jasotzeari. Magunazelaiak eman dio hasiera erakustaldiari, auzotarren txarro eta txistu artean; 230 kilogramoko harriagaz, sei altxaldi egin ditu. Ostean, Urruzunoren txanda izan da, eta 30 kilogramoko harriagaz hemezortzi altxaldi egin ditu. Bigarren itzulian Magunazelaiak 150 kilogramoko kopa altxatu du, hamalau aldiz, eta Urruzunok, berriz, 20 kiloko bolagaz 20 altxaldi egin ditu.
Amaitzeko, berriz, auzotarren harridurarako, Magunazelaiak 100 kiloko bolagaz plazari buelta eman, eta agurra egin du. Bi harrijasotzaileek lan denak amaituta, sorpresa bat ere izan da tartean: Urruzunoren aitak txapela eman dio alabari, egindako lana eskertuz.
Umeak ere, pozik. Erakustaldiaren ostean, umeek hartu dute berriro ere protagonismoa: Ibirik poniak eroan ditu, eta ezin txanda hartuta ibili dira umeak ponietan. Jaia, gainera, ez da hor amaitu. Herri bazkarian elkartu dira auzotarrak elkartean, eta arratsaldean, Xixili pailazoaren ikuskizuna egongo da.
Goizeko harri jasotze erakustaldia gutxi balitz, arratsaldean zadi probak ere egingo dituzte, 18:00etan. Jarraian, XXV. Hiru Txirlo txapelketa egongo da, eta eguna goi-goitik amaitzeko, berriz, Amalloko I. Zortziko Txiki txapelketa jokatuko dute Josune Aramendi, Nerea Ibazabal, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga bertsolaiek. Ostean, errmeria egongo da Izara eta Mirari trikitilariekin. Bihar ere egongo da zer egina Amallon, arratsalde guztiko egitaraua antolatu bait dute.