Kevinth Cardona ondarrutarrak irabazi du Euskal Herriko I. Kukaña Txapelketa
Aurrera Egunagaz batera egin dute txapelketa ere. Laugarren itzuliaren hasieran lortu du ondarrutarrak ikurrina eskuratzea.
Heldu da egun handia, heldu da Euskal Herriko I. Kukaña Txapelketa. Aurrera Kirol Taldeak lehenengoz antolatu du Aurrera Eguna, eta egunagaz batera, lehenengoz antolatu dute Euskal Herriko Kukaña Txapelketa ere. Egunak euririk egin barik heldu dion arren, herri kirolak, bazkaria eta mendi bueltaren amaiera Zaldupe eskolako jolastokian egin dituzte, eta horren ostean heldu da, hain zuzen ere, Kukaña Txapelketa.
Guztira 22 partaide eduki ditu txapelketak, antolatzaileek espero baino gehiago. Herritarrek, nola ez, ez dute hutsik egin. Bertan izan dira Kevinth Cardona, Haitz Gisasola, Unax Markuerkiaga, Ander Martinez – iazko Anda Mari jaietako txapelduna – Aimar Ortega, Enetz Ximeno, Ekain Martin, Roesbi Exposito, Ivan Vidal, Mikel Fraka, Dibi Doiuf, Koldobika Puentes eta Aitor Andres. Inguruko herrietatik ere hainbat izan dira parte hartzera animatu direnak: Aner Arakistain (Mutriku), Michael Dario Vias (Mutriku) Marat Solabarrieta (Berriatua), Baba Diop (Berriatua), Aratz Lertxundi (Getaria) eta Oier Berebide (Oiartzun). Horiez gain, urrutiagotik etorri direnak ere egon dira tartean: Mario Gonzalez leioarra, Garikoitz Muguruza gernikarra eta Pablo Martin granadarra.
Erlojuak 18:00ak jo eta berehala eman diote hasiera Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartzia esatariek txapelketari. Eukaliptozko 12,75 metroko kukañan lehenengo itzulian lauzpabost metro aurreratu dituzte partaideek; bigarrenean, berriz, beste hiru metro inguru aurreratu dituzte. Ikusleen emoziorako, izan da tartean ikurrina ia atzamar puntekin ukitu duenik ere, baina, laugarren itzuliaren hasieran Kevinth Cardonak lortu du ikurrina bereganatzea. Herritar, partaide eta antolatzaile, denak emozioz bete ditu Cardonak ikurrina eskuratu izana.
Cardona, ondarrutarra ez ezik, Aurrera Kirol Taldekoa ere bada, eta aitortu du ez zuela irabaztea espero: “Ikusita zelan joan den txapelketa, ez nuen espero irabaztea, beste norbaitek eroan zitekeela uste nuen. Baina ondo joan da, eta sentsazio onekin amaitu dut. Oso pozik”. Aurrerako antolatzaileek ere, pozik hartu dute Cardonak irabaztea: “Eguna biribil irten da. Ez da erraza halako zerbait antolatzea, eta dena oso ondo irten da. Gainera, asko pozten gaitu Kevinthek irabaztea. Azkenean, etxekoa da, eta nahi genuen, ahalko balitz, Aurrerako norbaitek irabaztea Euskal Herriko lehenengo txapelketa. Beste edonork irabazi izan balu ere gu pozik, baina Kevinth izateak berezia egiten du”. Hala, ikurrina ez ezik, 1.000 euro, txapela, garaikurra eta atuna irabazi ditu ondarrutarrak. Ikusleen saria ere banatu dute, eta hori Garikoitz Muguruza gernika-lumotarrarentzat izan da: 200 euro eta atuna eroan ditu Busturialdera.
Omenaldia. Kukaña txapelketa hasi baino lehenago, omenaldia egiteko ere aprobetxatu dute Aurrera Kirol Taldekoek: “Esan behar dugu gaur pertsona bat falta zaigula hemen, ze, ziur, Euskal Herriko Lehenengo Txapelketa izanda parte hartzea asko gustatuko litzaiokeela. Bera Ricardo Exposito Vidal da. Ume-umetatik hasi zen kukañan parte hartzen, hainbatetan ikurrina ere irabazitakoa da, bai kukaña zaharrean eta baita berrian ere. Ricardo Exposito kukaña asko maite izan duen pertsona bat izan da, urte askotan parte hartu izan duena”. Expositoren familiakoei Aurreskua dantzatzeagaz batera, kukañaren albo batean bere omenez ipini duten plaka ikusgarri ipini dute.