Ahanzturaren aurka, Palestinako errezetak egiten ikasi dute Markina-Xemeinen
Arretxinagako sukaldean elkartu ziren partaideak Mohammad Farajallah sukaldari errefuxiatuar palestinarrarekin batera hainbat errezeta egiten ikasteko.
Sukaldean murgildu ziren zapatuan [ekainak 22] markina-xemeindarrak. 10:30ean 11 partaide elkartu ziren Arretxinagako sukaldean; Mohammad Farajallah sukaldari errefuxiatuar palestinarraren eskutik hainbat plater sukaldatzen ikasi zituzten bertaratu zirenek. Fatoush eta falafel-a egiten ikasi zuten hasteko; ostean, plater printzipal moduan magloba prestatu zuten partaideek, eta postre moduan, knafeh.
Errezeta horiek egiten ikasteaz gain, Ahanzturaren aurkako errezeetak: Palestinako emakume errefuxiatuekin Libanon sukaldatzen liburua ezagutzeko aukera ere eduki zuten markina-xemeindarrek: iazko udan jaio zen liburua, UNWRA Palestinako errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren euskal taldea Libanora joan zenean. Bertan, astebetez egon ziren Burj Barajneh eta Shatilako kanpamentuetako hamabi emakume errefuxiatu palestinarrekin, eta 26 errezetaz osatutako liburua idatzi zuten, Basque Culinary Centerreko kideen laguntzagaz.
Errezeta liburuan, gainera, emakume horien bizitza istorioak ere jasotzen dira. Hala, UNWRA-ko kideek liburua doan ipini dute sarean, nahi duenak deskargatu eta irakurri dezan.