Eltxo tigrearen aurkako kanpaina, martxan
Eltxo tigrea saihesteko gomendioak eman ditu Lekeitioko Udalak.
Lekeitioko Udalak eltxo tigrearen aurkako informazio kanpaina ipini du martxan. Klima aldaketaren ondorioz eltxo tigrea moduko intsektuak gero eta gehiago daude, eta bere hazkundea eteteko asmoz, hainbat gomendio eman dituzte udaletik: “Moskito mota hau ur pilaketak dauden tokietan ugaltzen da. Ura pilatu dezaketen ontziak astean birritan hustutzea bezalako neurriek etxo honen hazkundea geldiarazten dute”.
Asia hego-ekialdeko eltxoa jatorriz, gaur egun Asia, Afrika, Amerika, Australian eta Europan aurkitu daiteke. Europara, zehazki, 1979an heldu zela uste da; Espainiara, berriz, 2004an. Hala, gaur egun gero eta errazagoa da halako moskitoak aurkitzea: Europar Batasuneko Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Zentroak 2021eko martxoan egindako ikerketaren arabera, apurka-apurka egonkortuz doa eltxo tigrea Euskal Herrian. Zehazki, Gipuzkoan eta Iparraldean dago egonkortuena; Bizkaian eltxo tigrea badago ere, ez dago egonkortuta, eta Nafarroa, berriz, salbu dago.
Nola identifikatu. Eltxo tigrea txikia eta beltza da; marra zuri bat du buruan eta toraxean, eta marra zuri-beltzak, berriz, sabelaldean eta hanketan. Bere portaera ez da ohikoena moskitoen artean, izan ere, egunez, eta batez ere, arratsaldez, egoten da aktiboena, eta ia inoiz ez, gauez.