Hoitink eta Willian australiarrek irabazi dute Lekeitioko 31. Nazioarteko Triatloia
400 partaide baino gehiago eduki ditu Lekeitioko 31. Nazioarteko Triatloiak. Antolatzaileak "oso pozik" geratu dira aurtengoagaz, eta "sekulako maila" egon dela azpimarratu dute. Mikel Arrasate Larrea lekeitiarrak hirugarren postua lortu du.
“Tradizioa” batzuentzat, “ezinbesteko hitzordua” besteentzat. Garraitz Kirol Taldearen eskutik Lekeitioko Nazioarteko Triatloiak urtetik urtera gero eta triatleta gehiago elkartzen ditu herrian, eta aurten 400etik gora izan dira parte hartu dutenak. Hain zuzen ere, 416 izan ziren zapatuan [ekainak 22] 31. lasterketa hasi eta amaitu zutenak. Antolatzaileek “sekulako maila” egon zela azpimarratu dute: “Oso ondo joan zen, eta sekulako maila egon zen. Euskaldun kirolariekin hitz egin genuen, eta esan ziguten dena eman zutela, ez zutela utzi energia tanta bat ere eman gabe. Sekulako maila erakutsi zuten denek, eta giroa ere, itzela egon zen”.
Euskaldunek ere maila ezin hobea erakutsi zuten arren, denen artetik azkarrenak australiarrak izan ziren. Emakumezkoetan Ellie Hoitink triatletak amaitu zituen azkarren lanak, 1:05:46ko denboragaz; igeriketan izan ezik, gainontzeko probetan aurretik joan zen Hoitink. Hirugarren postuan, beste australian bat geratu zen: Mikalya Messer (01:09:09). Bigarren postua, berriz, Ainhoa Murua Zubizarreta zarauztarrak irabazi zuen, 01:08:15eko markagaz. Antolatzaileek bereziki azpimarratu dute Muruaren lana: “Lau aldiz olinpiadetan egon eta gero, itzuli eta bigarren postua lortzea absolutuetan eta horrelako maila altua dagoen proba batean aipatzekoa eta goraipatzekoa da, bai bere esfortzua eta baita bere kalitatea ere”.
Gizonezkoetan ere, austrailiarrek lortu zuten garaipena. Olinpiadetarako sailkatuta dagoen Luke Willianek lortu zuen lehenengo postua (00:58:38). Hoitinken moduan, igeriketan izan ezik gainontzeko proba guztietan azkarrena izan zen Willian. Bigarren postua ere Jack Crome australiarrak eskuratu zuen (00:59:27). Podiuma, berriz, lekeitiar batek osatu zuen: Amandarri Triatloi Klubeko Mikel Arrasate Larreak 01:00:43ko denbora egin zuen. Arrasateren lana ere, bereziki nabarmendu dute Garraitzekoek: “Aipagarria da zelako lasterketa egin zuen, beste galaxia batekoa ematen zuen”.
Taldeka, berriz, herritarrek lortu zuten garaipena: gizonezkoetan Amandarri Triatloi Klubak lortu zuen azkarrena izatea. Garraitz Kirol Taldekoak ere ez ziren atzean ibili, eta hirugarren postua lortu zuten etxeko lasterketan. Euren tartean, berriz, Peñota Dental Alusigma geratu zen. Emakumezkoetan Lea La Blancako kirolariak sailkatu ziren lehenengo postuan, Cafes Foronda Dida Kirol Taldea, bigarrenean, eta Mugarra Triatloi Taldea, hirugarrenean. Amandarrik, berriz, zazpigarren postua eskuratu zuen, eta Garraitzek, bederatzigarrena.
Antolatzaileek, partaideei ez ezik, boluntarioei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete: “Guztira 250 boluntario inguru edukitzen ditugu: ia bi partaideko boluntario bat. Hori astokeria bat da. Euren laguntzarik barik ezinezkoa izango zen hau aurrera eroatea”.
Adin guztietakoak. Garraitzekoak antolatzaile modura ez ezik, talde modura ere “oso pozik” geratu dira lortutakoagaz. Talde modura partaide gehien aurkeztu zituen taldea izan zen Garraitz, eta adin guztietako partaideak eroan zituen: “Taldekide zaharrenak eta gazteenak parte hartu zuten, 71 eta 15 urterekin. Sekulako maila erakutsi zuten denek. Oso-oso jende gaztea daukagu taldean, eta lehenengo hogei sailkatuen artean egon ziren asko. Pozik gaude, ikusten delako etorkizuna edukiko dutela”.
Barikuan [ekainak 21] ere, ondo baino hobeto erakutsi zuten gazteek triatloia indartsu dagoela Euskal Herrian. Gazte triatloian guztira 80 partaide egon ziren, inoizko gehien: “Partaideen errekorra hautsi genuen, oso ondo joan zen. Kanpotik ere jendea etorri zen, eta ikusten da badaudela gazte batzuk triatloiak jakin mina pizten diena. Oso balorazio positiboa egiten dugu”.