Musikaiaren Aste Musikala "zirraragarria" izan da
Bost egunetan bost emanaldi eskaini dituzte Musikaia Musika Eskolako ikasleek. "Denetariko" emanaldiak ikusi ahal izan dira.
Lekeitioko Musikaia Musika Eskolak hamar urte bete ditu aurtengo ikasturtean, eta goi-goitik ospatuz amaitu dute ikasturtea. Hilero ekintza izendatu bat egiteaz gain, beste hainbat izan dira aurten egin dituzten ekintzak, eta azkena Aste Musikala izan da. Oihana Etxabe Musikaiako zuzendariak azken astearen balorazio “oso positiboa” egin du: “Oso Aste Musikal polita izan da, askotarikoa. Egun bakoitzak ezaugarri berezi bat eduki du”.
Lehenengo egunean [ekainak 17], esaterako, txikienak izan ziren protagonistak: “Euren urte osoko lanaren osteko emaitza erakutsi zuten. Urduri zeuden, baina ilusio askorekin. Benetan txalotzekoa izan zen euren lana; oso pozik geratu ginen”.
Martitzen eta eguaztenean [ekainak 18 eta 19], berriz, Ikusgarri Zinema Aretoan eskaini zituzten kontzertuak, eta ia edukiera guztia bete zuten ikusleek: “Martitzenean rock taldeak hartu zuen protagonismo handieran, baina, akordeoiak, flautak, trikitiak, piano jotzaileak… oso kontzertu polita izan zen. Eguaztenean, berriz, biolinak eta jazzak hartu zuten protagonismo gehiago”.
Eguenean [ekainak 20], eguraldi txarra zela eta, Andra Mariaren Zeruratzearen Basilikan egin zuten emanaldia: “Azkenean elizan egin behar izan genuen arren, erraldoiek ere parte hartu ahal izan zuten. Ikusgarria izan zen. Koro pilo batek parte hartu zuten: 300 pertsona egon ziren oholtzan elkarrekin abesten. Gainera, erraldoien presentziak ere hunkitu egin zuen jendea”. Presentzia ez ezik, dantzak ere eskaini zituzten erraldoiek, estreinakoz: “Dantza bat egin zuten lehen aldiz, orain arte sekula ez dute dantzarik egin. Ostegunerako hitza hunkigarria da, jendea hunkituta zegoen, eta batez ere, amaieran koroek batera abestu zutenean: umeen eta nagusien ahotsak elkarrekin nahastuta. Zirraragarria izan zen”.
Aste Musikalari amaiera, berriz, barikuan [ekainak 21] eman zieten, musika tailerreko ikasleek eskaini zuten Ponyoren abentura antzezlanagaz: “Oso polita izan zen. Ordu erdiko saioa izan zen, eta gor mutuentzako interprete batekin eskaini zuten antzezlana”.
Urteurrena, amaituta. Ikasturteko azken ekintza izan da Aste Musikala, eta urteurren ikasturtearen balorazio “oso positiboa” egin du Etxabek: “Lan handia izan da, neketsua, ze, ekintza asko eduki ditugu ikasturtean. Hamar izan dira ekintza izendatuak, baina guztira 40 izan dira egin ditugun ekintzak; oso balorazio positiboa egiten dugu. Nekatuta gaude, baina gogotsu jarraitzeko. Herriaren, gurasoen eta ikasleen erantzuna aparta izan da, eta horrek beste hainbeste urtetan lanean jarraitzeko indarra eman digu”.