San Joan Jaiak, txarrak erre eta onak hartzeko momentua
San joan jaietako ospakizunez beteta egon dira Lea-Artibaiko herri eta auzoak. Aulesti, Ziortza Bolibar, Amallo eta Gorozikan giro “paregabea” egon da egun hauetan.
Bereziak dira San joan jaiak Lea-Artibaiko herri eta auzoetan, eta jai giroa nagusi izan da Aulesti, Ziortza Bolibar, Amallo eta Gorozikan.
Oraingoan ere goi-goitik ospatu dituzte San Joan jaiak aulestiarrek, ekainaren 21ean [barikua] hasi ziren txupinazoarekin eta bihar [ekainak 25] emango diote amaiera. Urtero legez, 24. Sobra Sariketa egin dute gaur eta ondoren, lehenengo aldiz antolatu duten balkoi eta leihoetako lehiaketaren irabazleak saritu dituzte. Barikuan [ekainak 21], Gazte Eguna ospatu zuten Aulestiko Gazte Asanbladako kideek. Musika eta jan-edana uztartuz giro “paregabea” egon zen herrian zein gaztetxean. Gazte bazkariarekin eman zioten hasiera egunari eta Gaztetxeko kontzertuekin girotu zuten gaua, Banana, Shake eta DJ Arenek. 36. ipuin topaketako sari banaketarentzako ere tartea izan zuten arratsaldean.
Zapatuan [ekainak 22], goizen goiztik paella prestatzen aritu ziren herritarrak, 22. paella txapelketarako, eta 300 lagun batu ziren herri bazkarian. San Joan bezperan [ekainak 23] ez zitzaien planik falta aulestiarrei, goizean herriko dantzarien erakustaldiarekin eman zioten hasiera. Ondore, danborradan elkartu ziren herritarrak, Lekeitioko Aittitta Makurra taldearekin batera. Herritar guztiak kalejiran batu eta plazatik parkerako bidea egin zuten, aulestiarrak suaren inguruan batzeko.
Gaurkoan [ekainak 24], 24. Sobra Sariketako izan dute eta berritasun modura, lehen aldiz antolatu duten leiho eta balkoietako I. Lore Lehiaketako sari ematea ere egin dute. 51 parte hartzaile egon dira Sobra Sariketan eta lehenengo sariak Maria Arratek, Enkarna Anituak eta Mertxe Gerenabarrenak lortu dituzte. Bigarren sariak Niebes Unamuno, Izaro Aranburu eta Izei Arriagarentzat izan dira. Nekane Willisek eskuratu du sari berezia.
Tradizioari jarraituz, mezaren ostean elkartu dira gaur [ekainak 24] ziortza-bolibartarrak. 12:30ak jo orduko aurtengo sobreak bedeinkatzera joan dira elizara; guztira hogei sobretik gora aurkeztu dituzte herritarrek, eta mezaren ostean, ume nahiz nagusi, denak elizpean elkartu dira. Giroa, gainera, txisturaliek alaitu dute. Atzo [ekainak 23] ere giro ederrean elkartu ziren arren, eguraldiaren eraginez ezin izan zuten Sorgin Gaua plazan ospatu: “Leku itxia den arren, pertsonaia denek egin zuten antzezlana, eta ondo egon zen”. Osteko jana ere bertan egin zuten, eta 22:00ak jo orduko sua hasi zen: “Kanpotik ere jende ugari etorri zen ikustera”.
Zapatuan [ekainak 22], berriz, “azken urteetako jende gehien” elkartu zen herrian: “Nerea Ibarzabal eta Josune Aramendirekin egin genuen bertso poteoan giro mundiala egon zen. Gero, elkarretaratzea egin genuen medikua eta erizaina eskatzeko, eta hor ere jende mordoa egon zen, izugarri”. Herri bazkari eta herri olinpiaden ostean berriz, Oxabiren kontzertua egon zen: “Jende asko etorri zen. Sanjoanak toki askotan ospatzen direla jakinda, ez dugu aspaldiak horrelako arrakastarik eduki”.
Eguraldia lagun ez izan arren, jai giro betean ospatu dituzte jaiak Amalloko auzotarrek. Zapatu [ekainak 22] goizean harri jasotze erakustaldia izan zuten, Urdax Magunazelaia abadiñoarra eta Xuhare Urruzuno amalloarraren eskutik. Ondoren, zaldi probak egon ziren eta Maider Uriartek irabazi zituen. Jendearen erantzuna “oso ona” izan dela azpimarratu dute antolatzaileek eta parte hartze kopurua, “handia” izan dela. Lehengo zortziko txiki txapelketa izan zuten gauean, bertso afarian eta Nerea Ibarzabalek irabazi zuen. Orokorrean balorazio “oso ona” egin dute antolatzaileek, bertso afarian 70 lagun batu ziren eta gauean ere giro “polita” egon zen Amallon. Domekan [ekainak 23] Mus eta briska txapelketa izan zuten eta Javier eta Urko Pagoago osaba-iloba amallotarrak irabazi zuten brisan, mus txapelketa berriz, Fausto eta Iñaki Abadiñokoak, laugarrenez. Gaur eman diote amaiera jaiei, meza eta txokolatadarekin.
Gorozika auzoan bertsolariek eta herri kirolariek bete zuten plaza domekan [ekainak 23]. Nerea Ibarzabal eta Jexux Mari Irazu izan ziren bertsolariak. Herri Kirolei dagokionez, aizkolarien artean Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa aritu ziren, harri-jasotzaileen artean Hodei Izeta IV eta Inhar Urruzuno. Ondoren, Xuhare Urruzunoren harri jasotze erakustaldia egon zen. Mirari, Izarra eta Xuhare trikitilariek alaitu zuten arratsaldea eta ondoren, suaren inguruan batu ziren auzotarrak.