35 urte eta gero, bueltan da TU-K Taldea
Disko berriarekin dator TU-K Taldea eta aurrerapen gisa 'Argi gorrizko faroa' abestia aurkeztu dute, entzungai dago plataforma guztietan.
1984. urtean sortu zuten TU-K Taldea, Txomin Uribe Urbieta eta Josu Aranbarri ondarrutarrek eta sorreratik ia 40 urte eta gero, berriro batu eta TUKA ESATEN DA binilo bikoitza kaleratuko dute datorren irailean. Pasa den astean kaleratu zuten Argi gorrizko faroa abestia, aurrerapen gisa eta gaur, abestiaren bideoklipa plazaratu dute, “inoiz editatu gabeko abestia da, 1986an sortua. Musika Josu Aranbarri eta Txomin Uribek sortutakoa da, hitzak berriz, Kirmen Uriberenak, hamabost urte zituela idatzitakoak”. Urdulizeko Tio Pete Estudioetan grabatu zuten abestia, 2023ko abenduan, Jose Lastrakak lagunduta.
Bi lagunen arteko adiskidetasunaren isla da TU-K Taldea. Ondarroako institutuan elkartu ziren Txomin Uribe (gitarra eta ahotsa) eta Josu Aranbarri (baxua eta kaxa), Nina Hangen Smack Jack singela abiapuntutzat hartuta, musikaren inguruan hizketan hasi eta talde bat sortzeko ideia izan zuten. “Nik gitarra elektriko bat daukat, talde bat sortuko dugu?”, bota zion batak besteari eta hortik sortu zen taldea. Segituan batu zitaizkien Ander Ibarloza (tronpeta), Bernar Ituarte (gitarra) eta Justo Urkiri (teklatua). Uribek eta Aranbarrik sortu zituzten hasierako hitzak eta musika baina Uribek, anaia gazteari, Kirmen Uriberi, abestiak egiteko laguntza eskatu zion. Hortik abiatuta egin zituzten taldearen bi maketak: Existentzia (1987) eta Beltza (1989).
Sorreratik 40 urte eta taldea utzi zutenetik 35 urte igaro diren honetan, “gogoz” datoz bueltan. TUKA ESATEN DA biniko bikoitz honek inoiz grabatu gabeko hiru abesti barnebiltzen ditu: Plaiko hatxetan, 1985ean sortua, Argi gorrizko faroa 1986an eta Zeharka 1989an. Argi gorrizko faroa abestia izan da aurkeztu duten lehenengoa, bideokliparekin batera eta irailean plazaratuko dute lan osoa. Plataforma guztietan entzungai dago aurkeztu duten lehen abestia, baita beraien bandcamp plataforman ere.
“Indarberrituta” eta “ilusioagaz” dator taldea, entzuleak gozarazteko gogoarekin, zuzeneko kontzertuak eskaintzea baita beraien ideia.