Andoni Mutiloak "umorez eta dramaz" betetako ikuskizuna eskainiko du Uhagonen
'Sex sua' musikala ikusteko aukera egongo da eguenean [ekainak 27], 19:30ean, Uhagonen. Sarrerak egunean bertan ipiniko dituzte salgai.
Antzerkia, dantza eta musika dena bat eginda ikusteko aukera egongo da eguenean [ekainak 27] Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean. 19:30ean emango dio hasiera Andoni Mutiloa hernaniarrak Sex-sua musikalari: “Ilusio faltsuen bidean barneratuko gara, umorez eta dramaz betetako bidaia egiteko”. Sarrerak egunean bertan ipiniko dituzte salgai leihatilan, 5 euroren truke; bazkideek 3 euroren truke ikusi ahalko dute emanaldia.
Hala, eszenografia “soil” bategaz, gizartean “errotuta” dauden hainbat ohitura eta estereotipo zalantzan ipini nahi dituzte: “Bide batez, identitate eta sexu joera ezberdinen arteko mezua zabaldu nahi dugu, denok dugulako aske eta libre izateko eta maitatzeko eskubidea eta beharra. LGBTI+ kolektiboaren aldeko eskubideen aldarrikapena ere bada Sex Sua“. Hori horrela, Harrotasunaren Antzerkia programaren babesa jaso dute ikuskizuna martxan jartzeko, Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteen aldetik.
Gogoeta egiteagaz batera umoreak ere “garrantzia handia” edukiko duen arren, “une serioagoak” tartekatuko dituzte, bizi ohiturei buruzko hausnarketa egitea bilatzen baitu musikalak. Gainera, musikala den heinean, atzerkiagaz batera dantzak eta musikak ere “pisu handia” edukiko dute emanaldian. Izan ere, Mutiloak eta Eñaut Gaztañagak sei abesti sortu dituzte ikuskizunerako.
Hiruki protagonista izango da ikusleak gai batetik bestera eroango dituena: “Hirukik ez du genero zehatzik. Ez du horren beharrik. Etiketa guztiak gainditzen ditu”. Pantaila bat, banku bat eta maniki bat oholtzan, 50 minutu inguruko saioan murgiltzeko aukera egongo da Mutiloagaz batera.