Artelan berriak Kamiñazpiko hormetan
Bi mural berri gehitu dizkiote Ondarroako aire libreko museoari Cbloxx eta Manolo Mesa artistek.
Duela bost urte bururatu zitzaion Murales Lian muralgileari Ondarroako Kamiñazpi auzoan aire libreko museo bat sortzeko ideia eta proposamena udaletxean aurkeztu eta onartu ondoren, bere lana izan zen lehenengoa auzoko paretetan, 2022an: “Kamiñazpitik igaro nintzen eta oso argi ikusi nuen proiektua, udaletxera jo nuen eta urtero artista internazional desberdinak ekarri eta Ondarroari lotutako bakoitzaren ideiak Kamiñazpiko paretetan islatzea proposatu nuen, herriaren historia auzoko paretetan margotuta gelditzeko”. Aste hauetan, Cbloxx eta Manolo Mesa muralgileak ibili dira Kamiñazpiko hormei kolorea ematen eta bi aste Ondarroan egon ostean, bukatu dituzte artelanak.
Bi aste osoko egonaldia egin dute artistek herrian, lehenengo astea herria, ohitura, tradizio eta orokorrean, Ondarroako bizitza eta herriko txoko desberdinak ezagutzeko erabili dute eta bigarrena, berriz, bakoitzak ikasi, hartu eta bizitako sentsazioak hormetan islatzeko izan da. “Lehenengo astean jarduera desberdinak burutzen dituzte herrian, bertako talde desberdinekin, helburua, herria ezagutzea baita. Oraingo honetan denetarik egin dute: herriko arraunlariekin itsasora atera dira, txirrindulariekin kostako bidea bisitatu dute, hondartzan eta portuan ere ibili dira, Ondarroako historia ezagutzeko ibilbidea egin diete, hemengo gastronomia probatzeko tokiko jatetxe eta elkarteetan jan dute…”. Beraz, behin aste osoa herria ezagutzen igaro ondoren, beste aste betean margotu dituzte muralak Cloboxx eta Manolo Mesak, biak ala biak, Ondarroako herriarekin lotura duten istorioz beterikoak.
Manchesterko Cbloxx artistak Boga-Boga izeneko muralaren bidez helarazi ditu Ondarroak sorrarazi dizkion sentsazioak: “Euskaraz ezer jakin gabe, sakontasun batetik bizi izan du esperientzia, oso berezia egin zaio proiektua eta herriarekin maiteminduta bueltatu da Manchesterrera. Aurreko egunetan zehar ikasitako guztia islatu nahi izan du bere lanean: Saturrarango Eskilantxarri haitza, herriko armarriko balea, arraunlariak, sardinak, Ondarroako koordenadak… denetarik ikusi daiteke bere muralean”.
Manolo Mesak eginiko muralari dagokionez, “abstraktuagoa” dela aipatu du artistak. “Euskal pitxerrak egiten dituen emakume bakarra geratzen da Euskal Herrian eta Mesaren lanak, pitxarretan oinarritzen dira. Horman margotu duen pitxarra, Kantauri itsasoan aurkitutakoa da, Ondarroa inguruan”. Eguneroko gertakari pertsonalak publikora eramaten ditu artistak eta oraingoan ere hori izan da helburua, “Ondarroako herria arrantzalea da izatez, baina arrantzaleak itsasora joateko, etxea mantentzen geratzen zen figura, emakumearena zen. Lan ikusezin hori ikusgarri egin nahi izan du artistak, hor dago jokoa”.
Irailean jarriko dizkiote mural bakoitzari dagozkien plakak, bertan, muralaren izena eta esanahia agertuko dira, herritarrek eta auzokideek jakin dezaten nondik datozen Kamiñazpiko hormetan dauden artelanak.